Kirolean ere gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko bidean, Donostiako Udalak beste pauso bat eman du. Emakumeen Kontxako Banderako sariak hobetzea erabaki dute arduradunek, oraindik gizonezkoen klubek jasotzen dituzten diru kopuruetatik urrun badaude ere. Hain zuzen ere, 12.000 euro irabaziko ditu Emakumeen Kontxako Banderaren irabazleak, iaz baino 2.000 euro gehiago, eta gainontzeko hiru sailkatuek ere sari potoloagoak jasoko dituzte. Gizonezkoen arteko talde txapeldunak 24.000 euro jasoko ditu, beraz, oraindik alde nabarmena da, baina hobera egin du. Bestalde, aurtengo estropadetan, ordezkarien bilera berdina izango da gizonezko eta emakumezkoentzat, bereizi gabe.

Urtero legez, irailekin batera iritsiko da Kontxako Bandera: Irailaren 3an sailkatze estropadak izango dira, eta irailaren 6an eta 13an banderaren lehen eta bigarren jardunaldiak.

Emakumeen Kontxako Bandera. 2015eko sariak:

Lehen sailkatua: Kontxako Bandera, traineruko kide guztientzat erreprodukzio txiki bana eta 12.000 euro (2014an 10.000 izan ziren)
Bigarren sailkatua: 8.000 euro (6.800 2014an) eta garaikurra.
Hirugarren sailkatua: 6.000 euro (5.300 2014an) eta garaikurra.
Laugarren sailkatua: 4.000 euro (3.700 2014an ) eta garaikurra.

Gizonezkoen Kontxako Bandera. 2015eko sariak:

Lehen sailkatua: Kontxako Bandera, traineruko kide guztientzat erreprodukzio txiki bana eta 24.000 euro.
Bigarren sailkatua: 15.000 euro.
Hirugarren sailkatua: 12.000 euro.
Laugarren sailkatua: 9.000 euro.
Bosgarren sailkatua: 7.000 euro.
Seigarren sailkatua: 6.000 euro.
Zazpigarren sailkatua: 5.000 euro.
Zortzigarren sailkatua: 5.000 euro.

Fuente: www.irutxulo.hitza.eus (Nork: Estitxu zabala)