Igone Campos Odriozola (1991, Zumarraga, Gipuzkoa)
Mendi eskiatzailea

1.- Nola daramazu berrogeialdia?
Etxean sartuta egon behar izatea ez da erraza inorentzat eta aire librean, naturan,
eguneko ordu asko ematea ohituta gaudenontzat, are gutxiago. Hala ere, uste
baino hobeto daramat, are gehiago, momenturen batean eskertu ere egin dut
halabeharrez etxean lasai egon behar izatea, izan ere, neguan zehar ez ditut
jarraian hiru gau baino gehiago etxean lo egin, eta hori denboran nekagarria
egiten da gorputzarentzat eta buruarentzat. Gainera, normalean egiteko
denborarik ez, baina oso gustoko ditudan beste jarduera batzuei denbora
eskaintzeko aukera izateak izugarri pozten nau.
2.- Sasoia mantentzeko zein entrenamendu mota egiten ari zara?
Arrabola, zintan korrika, indar ariketak eta luzaketak-yoga ere bai.
3.- Zein ziren aurtengorako zure helburuak?
Nire aurtengo helburu nagusira bidean nindoan, bertan behera geratzen zela
esan zigutenean: Mendi Eskiko Espainiako Txapelketak. Lasterketa horiek ondo
egin nahi nituen apirilean Italian jokatzekoak ziren Europako Txapelketetarako
txartela lortzeko.
4.- Geldialdia gertatu arte egindako denboraldiarekin gustura amaitu al zenuen?
Kosta zitzaidan konturatzea, izan ere, dituzun helburuak bat-batean desagertzen
direnean, hasieran, horretan jartzen duzu arreta guztia, hau da, egin nahi zenuen
baina egin ez duzun horretan. Hala ere, hausnartzen jarri nintzen momentuan
konturatu nintzen orain arte egindako bideaz izugarri gozatu dudala. Gainera,
espero gabeko zerbait ere etorri zen denboraldi erdian: mendi eskiko emakume
indartsuenekin Munduko Kopan lehiatzeko aukera. Iazko Igonerekin alderatuta
koska bat gorago nagoela esango nuke, eta izugarrizko poza ematen dit hori
sentitzeak. Beraz, bai, gustura nago egindakoarekin.

5.- Udararako zein asmorekin zenbiltzan?
Lehenengo, martxa hartzeko Euskal Herriko eta Espainiako txapelketak egin nahi
nituen, Araian eta Izaban, hurrenezuhurren. Gero uztailean, inoiz egitekoa nintzen
mendi maratoirik gogorrenean parte hartu nahi nuen, Trail Vielha-Molieresen
(Herrialde Katalanak, Aran ibarra, 43 kilometro eta +4200 metro). Bukatzeko,
Munduko Kopako lasterketa batzuk nituen buruan: Skyrace Comapedrosa
(Andorra) eta Gorbeia Suzien, besteak beste.