Bizkaia Durango-Euskadi Murias taldea 29. Giro d’Italia Internazionale Femminilen (Giro Rosa) parte hartuko duen 24 taldeen artean izango da, emakumezkoen nazioarteko egutegiko lasterketarik garrantzitsuenean.
UCI Women’s World Tour-en barruan dagoen lasterketak, 10 etapa izango ditu, uztailaren 6tik 15era, Verbanian hasita, taldekako erlojupekoarekin, eta Cividale del Friulin amaituta. Ez da oso lasterketa menditsua izango, baina azken aurreko etapan, etapa erreginean, Zonkolan mendatea igo beharko dute (%12ko batezbesteko aldapa duen 12 kilometroko mendatea eta %22 aldapak dituena). Txirrindularitzaren izen handiko mendate hau bigarren aldiz igoko da Giro Rosan. 1997an izan zen bertan lasterketa azkeneko aldiz eta Fabiana Luperinik lortu zuen garaipena.
2018an Bizkaia Durango-Euskadi Murias Giro Rosara itzuliko da, 2016an azken aldiz lehiatu ondoren. Lasterketa italiarraren garaipen bat lortu zuen taldeak, 2011an, Shara Gillow-en eskutik. Liderraren maillot arrosa ere eraman zuen talde euskaldunak.
Agurtzane Elorriaga Bizkaia Durango-Euskadi Murias taldearen kirol zuzendariaren adierazpenak: «Ilusio handiz bueltatuko gara Girora eta gure parte-hartzea errealitate egin dela ikusita ezin gaitezke pozago egon. Aukeratutako 24 taldeen artean egotea esan nahi du gauzak ongi egiten ari garela eta guregan jarritako konfiantza itzultzea da orain gure helburua. Antolatzaileei eskertu nahi diet gure taldea aukeratu izana eta, noski, eskerrak eman nahi dizkiet gure babeste eta laguntzaileei, bereziki Bizkaiko Foru Aldundiari, Durangoko Udaletxeari eta Murias enpresari, azken honen bultzadari esker asko haztea lortu dugu eta».