Programa uztailaren 10ean eta 11n burutuko da eta hastapeneko hitzaldi bat eta Hondarribia eta Donibane Lohizune arteko bela itsasaldi bat egingo dira.
Jarduera 16 urtetik gorako emakumeei zuzenduta dago, eta ez da beharrezkoa esperientzia izatea.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentua lankidetzan ari da Hondarribiko Klub Nautikoarekin «Uhara Urdina» abian jartzeko. Programa horren helburua da bela nabigazioa emakumeei hurbiltzea eta emakumeek Gipuzkoako ingurune naturalarekin lotura estua duen kirol diziplina batean parte har dezaten erraztea.
Ekimena uztailaren 10ean eta 11n egingo da, 16 urtetik gorako emakumeei zuzentzen zaie eta ez da beharrezkoa inolako esperientziarik izatea. Programak uztartuko ditu prestakuntza, kirol jarduera eta nabigazioaren munduan erreferente diren emakumeekin topaketak.
Goizane Álvarez Kultura eta Kiroletako diputatuak nabarmendu duenez, «Uhara Urdinak» programaren helburua da «emakumeek berdintasun egoeran parte hartzeko, ikasteko eta gozatzeko kirol espazioak zabaltzen jarraitzea. Emakumeek oraindik ere oztopo gehiago izaten dituzte kirol diziplina jakin batzuetan hasteko, bereziki aldez aurreko ezagutzak, ekipamendua edo instalazio espezifikoetarako sarbidea eskatzen dituztenetan hasteko. Politika publikoek desberdintasun horiek murrizten lagundu behar dute, eta aukerak sortu, edozein emakumek kirol berriak segurtasunez, konfiantzaz eta laguntzaz deskubritu ahal izan ditzan», adierazi du.
Álvarezek gaineratu duenez, programak, «jarduera puntual bat eskaintzeaz gain, komunitatea sortzen du eta bide hori egin duten emakumeekin esperientziak partekatzeko aukera ematen du. Nahi dugu gero eta emakume gehiagok sentitzea legitimatuta daudela kirolaren eremu guztiak okupatzeko, baita itsasoa ere, eta gure ingurune naturalaz gozatzeko ikuspegi aktibo, osasungarri eta kolektibo batetik».
Hitzaldia eta euskal kostaldean itsasaldia
Programa uztailaren 10ean (ostirala) hasiko da, 19:00etan, Hondarribiko Klub Nautikoaren instalazioetan, belaren hastapenari eta kirol-jarduera horren onurei buruzko hitzaldi batekin.
Saioan, nabigazioarekin lotutako emakumeek parte hartuko dute, eta beren esperientziak, ikaskuntzak eta ibilbide pertsonalak partekatuko dituzte. Topaketaren helburua da hurbileko erreferenteak eskaintzea eta parte-hartzaileei diziplina horretara hurbiltzen lagunduko dien elkarrizketa-gune bat sortzea.
Jarduera praktikoa uztailaren 11n (larunbata) egingo da. Parte-hartzaileak 12:00etan egon beharko dute Hondarribiko Klub Nautikoan, eta 13:00etan Hondarribitik Donibane Lohizunerako bela itsasaldi bat hasiko dute, eta, ondoren, Hondarribiko portura itzuliko dira.
Itsasaldian aukera izango dute ingurunera ohitzeko, nabigazioari buruzko oinarrizko nozioak ikasteko eta esperientzian aktiboki parte hartzeko, une oro adituek lagunduta. Aurreikusten da itzulera 18:00 inguruan izango dela, eta jardunaldia amaitzeko bizikidetza espazio bat egingo da.
Jarduerak segurtasunean, ikaskuntza praktikoan eta gozamenean jarriko du arreta, eta parte-hartzaileen itsasoarekiko eta euskal kostaldeko natura-ingurunearekiko konexioa bultzatuko du.
Izen emateak
Interesa duten emakumeek inprimaki honen bidez eman dezakete izena:
https://forms.office.com/e/3p9AETNvnj
Informazio gehiago nahi izanez gero, Hondarribiko Klub Nautikora jo dezakete:
- Helbidea: Minatera kalea 4, behea. 20280 Hondarribia
- Telefonoa: 943 64 27 88
- Helbide elektronikoa: oficina@cnh-hib.org
Gipuzkoako Foru Aldundiak ekimen honekin berresten du kirol eredu irisgarri eta berdinzaleago batekin eta kirol praktikan aukerak zabaltzeko eta dibertsifikatzeko lurraldean lanean diharduten erakundeak babestearekin duen konpromisoa.





