Rakel Mateo Basque Teameko kirolariak etapa berri bati ekin dio: paratriatloitik paraeskaladara, Los Angeles 2028ra begira

 

Rakel Mateo kirolariak paratriatloian egindako ibilbide nabarmenari amaiera ematea erabaki du, kirol erronka berri bati ekiteko: paraeskalada. Mungiarrak, nazioarte mailan kirol egokituaren erreferenteak, Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak eta Olatz Legarza Basque Team Fundazioko koordinatzaileak lagunduta, Basque Team Zentroan (Getxo) iragarri du bere ahaleginak diziplina berri honetan oinarrituko dituela orain, asmo handiko helburu argi batekin: 2028ko Los Angeleseko Joko Paralinpikoetan lehiatzea.

Paratriatloian urteak eman ondoren, non nazioarteko figura ospetsuenetako bat izatea lortu duen, Mateok aldaketa horri bere karreraren bilakaera natural gisa aurre egingo dio. Etapa berri honetan ere bere ohiko babesleen laguntza izango du. «Fisikoki eta mentalki motibatuko ninduen erronka berri bat behar nuen», azaldu du, eta eskaladaren eskakizun teknikoa eta estrategikoa azpimarratu ditu pausoa ematera bultzatu duten faktoreetako bat bezala.

Orain arte Rakelek malabareak egin behar izan ditu goi-mailako kirol jarduera eta Lantegi Batuak-en egindako lana uztartzeko. Hori ez da oztopo izan jardunaldi amaigabeak pilatzeko eta hiru ziklo olinpiko kateatzeko, Rio de Janeiroko 2016ko, Tokioko 2020ko eta Pariseko 2024ko Jokoei dagozkienak, izan zuen lan-istripuaren ondorioz lesionatutako hankaren bilakaerak eta mozketak eragindako arazo ugariei aurre eginez tartean. Rakelek bere burua berrasmatzen jakin du hitzordu bakoitzerako.

Hiru Paralinpiar Jokoetatik bi diploma eta hamargarren postu batekin itzuli da Mateo. 2021ean Abu Dhabiko Munduko Txapelketan lortutako laugarren postua eta Europako txapelketetan lortutako lau dominak (brontzezko hiru eta zilarrezko bat) ere nabarmentzen dira bere ibilbidean.

Trantsizioa ez da erraza izango, baina Basque Teameko kirolaria prest dago berriro egokitzeko: «Nire bizitzako etapa bat itxiko dut, baina hurrengoa besarkatzen dut jada. Ez dut kirola utziko», adierazi du gaurko agerraldian.

Paraeskaladak trebetasun espezifikoak, abilezia tekniko zehatza eta prestakuntza oso bideratua eskatzen ditu, baina Mateok dagoeneko hasi du egokitzapen-prozesua entrenamendu intentsiboekin eta bere taldearen babesarekin. Goi-errendimenduan aurretik izan duen esperientzia eta gainditzeko duen gaitasuna berme garrantzitsuak dira bide berri honetan. AL2 klasean lehiatuko da (desgaitasuna beheko gorputz-adarretan).

Paraeskaladak 2028ko Los Angeleseko Joko Paralinpikoetan egingo du debuta, programako 23 kiroletako bat izanik. 80 atleta inguru espero dira zortzi domina-ekitalditan lehiatzen, hainbat desgaitasun fisiko eta bisual ordezkatuz. Hitzordua aukera historiko gisa aurkezten da. Rakel Mateok han egon nahi du eta maila gorenean lehiatu, mugak gainditzeko daudela erakutsiz.

Gorka Iturriagak azpimarratu duenez, «Rakel berrasmatzearen eta pertseberantziaren sinonimoa da, gure herrian oso bereizgarria den zerbait. Gure enbaxadorea izan da nazioartean askotan, eta guretzat ohorea da mugarik gabeko anbizio horrekin jarraitzen duela ikustea, erreferente bat baita belaunaldi berrientzat».

Rakel Mateoren profila
Mungia, 1975-06-13

Rakel Mateok balio anitzeko kirolaria dela erakutsi du. Lan istripu baten ondorioz, ezkerreko hankaren mugikortasuna galdu zuen, baina, bestalde, kirol ibilbide geldiezina egin zuen txirrindulari gisa hasi zenetik triatloiaren gailurrera iritsi arte.

Denborarekin, Mateok oztopo guztiak bota ditu. Lehenik, gaztetatik jasan zuen anorexia bat gainditu zuen. Azkenean gaixotasuna garaitu zuenean, laneko istripu batek ezkerreko hankaren mugikortasuna kendu zion. Supermerkatu batean  zerabilkien 100 bat kilo fruta-kutxa gainera erori zitzaion eta ondorio larriak utzi zizkion. Lesio neuropatikoak geratu zitzaizkion, hanka tolestu eta behatzak altxatzea eragozten ziotenak. Egunero bizi zen minarekin eta garai batzuetan ia 20 pilula hartzen zituen hori ekiditeko.

Kirolik ez egitetik txirrindularitzan zortea probatzera pasatu zen. 2010ean egin zuen, lehenengo anaiaren bizikleta zahar batekin eta gero Saiatuz fundazioaren eskutik, 2014an triatloira pasa zen arte. Txirrindularitzaren garaian hainbat lorpen erdietsi zituen, hala nola zilarrezko dominak Espainiako erlojupeko eta errepideklo lasterketan  (2014), eta laugarren eta bosgarren postuak errepideko eta erlojupeko probetan Munduko txapelketan.

Triatloian egindako debuta bere kirol ibilbideko mugarri bat izan zen. Txirrindularitza probatu ondoren, Mateo korrika hasi zen, lehenik, eta gero uretan murgildu zen. PT2 klaseko triatleta izanik, Espainiako eta Munduko duatloi txapelketetan lortu zituen lehen arrakastak (2014). Urte horretan, gainera, Espainiako triatloi txapelketa eta Madrilgo ITU Munduko Serieetako proba irabazi zituen.

Hurrengo urtean Munduko Serieak jokatzen jarraitu zuen, Hegoafrikako Buffalo City proban garaipena lortuz, Sunshine Coasten (Australia) bigarren postua lortuz, eta brontzezko domina zintzilikatuz Madrilen, Yokohaman (Japonia) eta Genevan (Suitza).

Suitzako lasterketa, halaber, Europako Txapelketa izan zen, eta, beraz, han lortutako hirugarren postuari esker 2016ko Rioko Joko Paralinpikoetan lehiatzeko sailkapena poltsikoratu zuen. Mateok zortzigarren postua eta diploma eskuratu zituen Brasilen.

Esperientzia paralinpikoaren ondoren, Mateok hainbat garaipen lortu zituen, horien artean bi Espainiako Txapelketa (2017, 2019) eta Munduko Kopa bat (2019).

Hurrengo zikloa bereziki gogorra izan zen Rakelentzat, batez ere 2021ean; izan ere, bere hankaren egoerak okerrera egin zuenez, zati bat moztu behar izan zioten. Hala ere, azken unera arte bere sailkapen olinpikoagatik borrokatu zen, baita Tokion ahalik eta mailarik onenean lehiatzeko egin zuen egokitzapenagatik ere. Zazpigarren amaitu zuen, bere bigarren diploma paralinpikoa eskuratuz.

2022an Mateoren urteko lehen hitzordu garrantzitsua Europako txapelketa izan zen. Sierra Nevadako kontzentrazio batean izandako gertakari txiki batek Poloniara bere unerik onenean ez iristea eragin zuen; hala ere, zilarrezko domina bildu zuen. Europakoa atzean utzi ondoren, urteko hurrengo hitzordu garrantzitsua Abu Dhabiko Munduko Txapelketa zen. Hala ere, beste ezbehar batek behartu zuen Rakel ebakuntza-gelatik pasatzera, eta oso denbora gutxi utzi zion prestatzeko, batez ere oinez egindako lasterketan.

Munduko Txapelketako helburua lasterketa amaitzea, puntuatzea eta munduko rankingean atzean ez geratzea zen; bosgarren amaitu zuen.

Azken ziklo paralinpikoak emozioz beteriko gora-beherak utzi zizkion triatletari. Munduko onenen artean egoteari eutsi zion, dominak gehituz (zilarra eta brontzea Europako txapelketetan eta beste domina batzuk Munduko Serieetan eta Munduko Kopetan), mugarik gabeko indar fisiko eta mentala erakusten dutenak.

2022an muinoitik koskor bat kendu behar izan zioten, 2023an hainbat saihets hautsi zituen, eta 2024ko ekainean femurraren barruko kondiloa hautsi zuen, Vigon protesia atera eta helmugatik 400 metrora erori baitzen.

Egoera horretan iritsi zen Parisera, bere hirugarren Jokoetara. Hiruretan teknikoki oso modu desberdinean lehiatu da, bakoitzean hutsetik hasi ondoren. Frantziako proba oso zaila izan zen bizkaitarrarentzat, izan ere, aurreko arazo guztiei galtzada-harrizko lur batean oinezko zatia egiteko zailtasuna eta Sena ibaia kutsatu zuten bakterioek eragindako arazoak gehitu behar izan baitzitzaizkien. Rakelek proba amaitzea lortu zuen, hamargarren postua sinatuz.

Nazioartean nabarmendutako emaitzak
Joko Paralinpikoak
Río de Janiero, 2016: 8. (diploma)
Tokio, 2021: 7. (diploma)
Paris, 2024:10.

Munduko txapelketak
Chicago, 2015: 6.
Rotterdam, 2016: 7.
Rotterdam, 2017: 5.
Gold Coast, 2018: 5.
Lausana, 2019: 6.
Abu Dhabi, 2021: 4.
Abu Dhabi, 2022:  5.
Pontevedra, 2023: 8.

Europako txapelketak
Geneva, 2015: Brontzea
Lisboa, 2016: 5.
Kitzbühel, 2017: 4.
Tartu, 2018: Zilarra
Valentzia, 2019: 5.
Valentzia, 2021: Brontzea
Olsztyn, 2022: Zilarra
Madril, 2023: Brontzea

Otras noticias