Kapituluak, hasteko, ‘La Kantera’ aipatzen du, Euskadiko lehen skateparketako bat, kirol honetan aitzindari izan zirenetako batzuek sortu zutena. Horien artean egon zen Alain Goikoetxea, estatuko egungo hautatzailea. Bere eskutik skateak dituen bi modalitateak aipatzen dira atalean, park eta street, eta bakoitzean egungo euskal izar handienei ematen zaie protagonismoa: Naia Laso bermeotarrari eta Afrika Criado gasteiztarrari. Biek sekulako hobekuntza izan dute azken hilabeteetan eta sailkapen olinpikoa lortzeko lehian dabiltza. Lortuz gero, Afrikak finalerdietara iristea du helburu, eta Naiak podiumera igo nahi du, jokatutako azken proba puntuagarrian, Dubaikoan, urrea irabazi eta gero.