Basque Teameko kirolariak urrea eskuratu du BC1 kategorian, finalean Kinga Koza poloniarra 5-3 azpiratu ondoren
Getxo, 2023ko abuztuaren 12a. Amagoia Arrietak bere ibilbideko lorpenik handiena erdietsi du, urrea Rotterdamen jokatzen ari diren Europako txapelketetan. Pariseko Joko Paralinpikoetara gehiago hurbiltzen duen emaitza da gaurkoa, 2021ean Tokiora joan gabe oso gutxigatik geratu zenetik urrats sendoz eraikitzen joan den bidean.
Amagoiak saio bikaina sinatu du Holandan, BC1 kategorian (eskuekin edo oinekin jaurtitzen duten eta laguntzailea behar duten kirolariak) behetik gora egin duen txapelketa batean. Gipuzkoarrak porrota jaso zuen txapelketa hasieran Bat-El Brightman Ha ‘cohen israeldarraren aurka (1-4).
Aurrera egiten jarraitzeko, hurrengo bi neurketak irabazi behar zituen derrigorrez. Amagoiak ez zuen huts egin eta multzoko bigarren postuan sailkatu zen Rita Patricio portugaldarrari 10-1 nagusituta eta ondoren Aurelie Aubert frantziarra 6-0 menderatuta. Finalerdietan Dora Basic kroaziarra izan zuen aurkari, munduko laugarrena. Arrieta nagusitzen hasi zen (2-0), baina hurrengo bi partzialetan bere aurkaria aurretik kokatu zen (2-4). Hala ere, Debakoak markagailua irauli zuen (5-4) eta Europako bere lehen finalerako txartela eman zion horrek.
Finalean Kinga Koza poloniarrarekin neurtu ditu indarrak. Amagoiaren irteera ez da ona izan eta hori baliatu du aurkariak 1-3ko emaitzarekin aurretik jartzeko laugarren partzialaren faltan. Hala ere, Basque Teameko kirolaria lasai egoteko gai izan da azken saiakeran partidaren norabidea aldatu du, lau puntu lortuta (5-3) eta titulua eskuratuta.
Dordoka Klubeko kirolariak nazioarteko zazpi domina ditu bere palmaresean: taldekako brontze bat 2017ko Sevillako World Open lehiaketan, zilarrezko bi domina Nymburkeko Open Erregionalean (Txekiar Errepublika), 2019an; brontzezko bat Sevillako Europako Txapelketan, zilar bat Varzimeko (Portugal) Povoako Munduko Kopan, 2021ean; urre bat Erromako Challenger Worlden, 2022an, eta urrea gaur Rotterdamen.
Amagoia Arrietaren profila
Deba, 1974-02-10
Amagoia Arrietak bi hamarkada baino gehiago daramatza bolak hezten eta boccia praktikatzen. Kirol horretan estrategia eta zehaztasuna dira faktore garrantzitsuenak, eta paralinpikoa da 1984tik. Italiar jatorria du, larruzko bolekin jokatzen den petankaren jokoaren aldaera bat da. Bisfedek (Nazioarteko Federazioa) erabat araututako kirola da, eta taldeka zein banaka jokatzen da.
Amagoia Arrieta 1997an hasi zen entrenatzen, urte horretan Gasteizen egin zen Bocciako Europako Txapelketara ikusle gisa joan ondoren. Donostiako Dordoka Kirol Elkarteko kide da, baina Debako kiroldegian entrenatu ohi du Javi Camacho entrenatzailearen aginduetara. Banakakoan palmares bikaina du eta kirol honetako kirolari garrantzitsuenetakotzat jotzen da.
Hala ere, emaitza garrantzitsuei dagokienez, leherketa 48 urterekin iritsi zaio. Arrieta denboraldi bikainak egiten ari da azken urteotan, eta une gozoak luzatzen jarraitzen du joan den irailean Erromako World Challenger txapelketan urrezko domina irabazi ondoren. Amagoiak bertan lortu zuen 2006tik, José Vaquerizok Rio de Janeiroko Munduko Txapelketa irabazi zuenetik, kirol honetan, kategoria honetan, estatu mailan irabazi den lehen urrezko domina. Gaur Europako txapelketa bereganatu du.
Fuente: Basque Team






