Annette Gonzalez-Etxabarrik bigarren amaitu du Saquarema Pro-n eta Championship Tourrerako postuetan sartu da.

Janire ahizpa, Munduko txapelduna, hirugarren izan da

Getxo, 2025eko urriaren 18a. Annete Gonzalez-Etxabarri izan da aste honetan Rio de Janeiron jokatu den Saquarema Pro txapelketako txapeldunordea, eta seigarren jarri da Challenger Seriesetako sailkapen nagusian. Postu horrek munduko zirkuitorik onena, Championship Tourra, jokatzeko aukera emango lioke datorren urtean. Annettek hirugarren postuan bukatu duen Janire ahizpa menderatu du finalerdi zirraragarrian eta finalean sartu da. Horretan, ezin izan du sailkapen nagusiko liderra, Yolanda Hopkins portugaldarra, gainditu, baina lortutako puntuek Munduko elitean sartzeko pasea eskuratzeko aukera eman diote.

Gonzalez-Etxabarri ahizpek gogor ekin zioten txapelketari. Annette izan zen indartsuena lehen kanporaketan, 48 surflari onenen kanporaketan, Eden Walla estatubatuarra (9.50), Daniella Rosas perutarra (9.37) eta Willow Hardy australiarra (6.30) gaindituz (10.96). Bere txandan, Janire ere nabarmendu zen, lehen postuan Sanoa Dempfle-Olin kanadarrarekin berdinduta, biak 11.50 batekin, Leilani McGonagle costarricarra (8.67) eta Sumomo Sato japoniarra (5.96) kanporatuz.

Hurrengo kanporaketan, 32 onenen kanporaketan, Zumaiako bi surflariek bigarren postuan egin zuten aurrera euren txandetan. Annette 10.54ko emaitzarekin igaro zen hurrengo fasera, India Robinson australiarraren atzetik (12.00) eta Sophia Medina brasildarraren (8.43) eta Kiara Goold tahitiarraren aurretik (8.37). Janirek, berriz, 14.43 puntu lortu zituen, Mirai Ikeda japoniarrari (15.17) jarraituta, eta Francisca Veselko portugaldarra (11.77) eta Sophie McCulloch australiarra (6.00) at utzita.

Final-zortzirenetan Annettek ez zuen arazo handirik izan Luana Silva brasildarra atzean uzteko, izan ere, bere bi olatu onenak, 6.83 eta 5.30 puntuekin, kariokaren zamalkaden gainetik egon ziren. Antzeko zerbait gertatu zen Janireren seriean, 6.67 eta 6.43ko bi olatu aukeratu baitzituen Amuro Tsuzuki japoniarrari nahiko argi gailentzeko. Japoniako bi olaturik onenak 5.00 eta 2.00ko emaitzekin puntuatu ziren.

Askoz estuagoa izan zen final-laurdenetako kanporaketa. Annettek modako surflari bati egin zion aurre, Tya Zebrowski frantziar gazteari. Tyak 4.83ko batekin hasi zuen manga eta ondoren euskal surflariak 4.77ko bat erdietsi zuen. Frantziarrak erantzun zion 5.67 batekin, baina bere hamaikagarren olatuan Annettek 5.83ko bat sinatu zuen eta pasea lortu zuen oso justu. Janirek ere beste pauso bat eman zuen Ikeda japoniarraren aurka, 32 onenen artean. 5.50eko olatuari 6.00eko beste olatu bat gehitu zitzaion, 11.50 puntu batzeko guztira. Ikedak ezin izan zuen hori hobetu txandako azken fasean, 10.50 puntu lortuta.

Horrela iritsi ziren Gonzalez-Etxabarri ahizpak finalerdietara. Lehiaketako koadroaren diseinuak familia arteko duelu bat utzi digu beste behin, Janire eta Annetteren arteko Challenger Serieetako lehiaketa batean gertatu den lehena. Ahizpetako gazteena garaile atera zen oraingoan batailatik. Anettek 13.00ko puntuazioa lortu zuen Janireren 10.83arekin alderatuz. Ahizpa zaharrenak sei olatu hartu zituen txandan; gazteena, berriz, hustu egin zen eta hamaika zamalkatu zituen, zazpigarrenaren notak finalerako txartela eman zion arren.

Gaurko finalean Yolanda Hopkins portugaldarra izan du aurkari. Annettek aurretik jartzea lortu du bere zortzigarren eta bederatzigarren olatuen puntuaketari esker (5.33 eta 4.87), baina Hopkinsek erabakita utzi du txanda epaileek 7.33 batekin baloratu duten bere hamaikagarren eta azken olatuan. Zumaiarrak ezin izan du garaipena lortu, baina 7.800 puntu poltsikoratu ditu Challenger Serieetako denboraldiko bosgarren proban. Horri esker, Annette sailkapen nagusiko seigarren postuan jarri da, CTrako txartela ematen duten postuetan kokatuta.

Janirez eta Anettez gain, beste lau euskal surflari lehiatu dira Rio de Janieron. Keoni Lasa zarauztarrak gizonezkoen multzoan lortutako bederatzigarren postua nabarmendu behar da. Yago Dominguezek 33. postuan amaitu du eta Adur Amatriainek 49. postuan. Bestalde, Nadia Erostarbek 25. postuan bukatu du eta sailkapen nagusiko bosgarren postuari eusten dio, Annette Gonzalez-Etxabarri baino bat gorago kokatuz.

Challenger Serieetako beste bi proba geratzen dira oraindik datorren denboraldian Munduko zirkuiturik gorenera nor sartuko den erabakitzeko: Hawaiko Lexus Pipe urtarrilaren 29tik otsailaren 9ra eta Australiako Newcastle Surfest martxoaren 9tik 15era

Otras noticias