1992tik ez zen kontinenteko urrea lortzen
Salma Solaun gasteiztarrak aurreko ziklo olinpikoan hainbeste nabarmendu zen taldearen zutabeetako bat izaten jarraitzen du. Parisko Jokoetarako txartela laster lortu zuen talde hark, eta ziklo berri honetan Los Angeles 2028ri begira ere kontuan hartu beharreko taldea dela erakutsi du. Gimnasia erritmikoko konbinatua podiumaren gorenera igo da gaur, 33 urte geroago, Europako Txapelketa batzuen lehiaketa osoan, Tallinen jokoan diren Europako Txapelketetan urrezko domina eskuratuta.
Salma Solaunek, Inés Berguak, Andrea Corralek, Marina Cortellesek, Andrea Fernandezek eta Lucía Muñozek osatutako taldeak puntuaziorik altuena lortu du lehiaketa osoan, Israelen (49.500) eta Hungariaren (48.150) aurretik. Konbinatuak 25.800eko puntuazioa lortu du hasiera batean zinten ariketan, eta 26.100era igo da berrikuspenaren ondoren. Ostean, distira egin du uztai eta pilotarekin, 27.700 puntu lortu baititu. Emaitza ikustean gimnastek hunkituta utzi dute tapiza, pozaren pozez, ariketa amaitzean.
Garaipenari esker, Alejandra Queredak entrenatutako taldea podiumeko lehen mailara igo da multzokako modalitateko lehiaketa osoan. 1992. urtean zapaldu zuen podiumeko plaza hori azkenengoz estatuko taldeak, Alemaniako Stuttgart hirian jokatutako Europako txapelketan urrea zintzilikatu zuenean.
Emaitza bikain honetaz gain, denboraldi honetan taldeak bi urre eskuratu zituen apirileko Sofiako Munduko Kopan, Bulgarian, sailkapen nagusian eta mistoan, eta hiru metal maiatzean Portugalen jokatu zen Portimaoko Munduko Kopan. Bertan zilarrezko domina lortu zuten sailkapen orokorrean, zilarrezko beste bat bost zintako finalean eta brontzezko domina uztai eta piloten ariketa mistoan.
Aurten Salma Solaunen hurrengo hitzordua Kluj-Napocako Munduko Kopa izango da, uztailean, eta ondoren, abuztuan Rio de Janeiron jokatuko duten Munduko Txapelketa.
Fuente: Basque Team