Euskadin goi-mailako kirola sustatzen duen Fundazioak eta bertako kirolariek euskararen erabilera bultzatzen lagundu nahi dute

Getxo, 2025eko maiatzaren 12a. Basque Team Fundazioak eta kirol minoritarioetan Euskal Autonomia Erkidegoko goi-maila osatzen duten atletek publikoki babestu nahi dute maiatzaren 15etik 25era egingo den Euskaraldia ariketa soziala.

Basque Team Fundazioa EiTBk eta Eusko Jaurlaritzak 2007an sortutako irabazi-asmorik gabeko erakundea da, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzako kide, eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailean kokatuta dago aldi berean. Horregatik, hain justu, euskararen erabilera zeharka lantzen da, eta sentsibilitate bereziari eusten zaio esparru horretan.

Euskaraldia 11 eguneko gizarte mugimendu bat da, eta euskararen erabilera areagotzea, hizkuntza ohiturak aldatzea eta hizkuntza aukeratzeko gure inertziak astintzea bilatzen du.

Zentzu horretan, Basque Teamek eta bere kirolariek euren harri-koskorra jarri nahi dute eta agerian utzi nahi dute euskararen aldeko apustua egiten dutela pertsonen arteko komunikaziorako lehen baliabide gisa, Euskaraldiak proposatzen duen bezala.

Mikel Linacisoro eskalatzaileak, Asier Garcia aulkiko saskibaloiko jokalariak, Klara Olazabal piraguistak, Estibaliz Alvarez softbol jokalariak, Mikel Unanue curling jokalariak, Gadea Moja skaterrak eta Mikel Erdozain igerilari paralinpikoak lehen pertsonan kontatu nahi izan dute euskarak beraientzat suposatzen duena.

Euskaraldiak irauten duen egunetan, bere mezuak Fundazioaren sare sozialetan argitaratuko dira, ‘Gure Bihotzaren Taupadak’ Bulegoaren abesti ofizialarekin eta ‘Elkar Mugituz egingo dugu’ lelo ofizialarekin batera.

Basque Teameko kirolariek eta goi-mailako kirolak eredugarriak izan behar dute, eta balio positiboak transmititu behar dituzte gizartearentzat. Oraingo honetan euskararen erabilera egunero normalizatzea da helburua, batez ere kirol arloan, maila guztietan.

Goi mailako kirolariek euskara euren bizitzaren parte dela ikusarazi nahi dute eta, horrela, herritarrak Euskaraldian parte hartzera animatu nahi dituzte, bai ‘Ahobizi’ irudiarekin, kanpainak iraungo duen hamaika egunetan mundu osoan euskaraz hitz egin nahi dutenei zuzenduta, bai ‘Belarriprest’ irudiarekin, inguruko pertsonek euskaraz hitz egin dezaten “belarria ohitzeko”.