Fundazioak hasiera emango dio Joko Olinpiko eta Paralinpikoei begira euskal kirolariei laguntzeko komunikazio kanpainaren gune nagusiari
Apirilaren amaieratik ‘BAT To Paris’ programa emititu da Euskal Telebistan, eta uztailetik aurrera komunikazio estrategiarekin bat egingo dute telebistako, irratiko, prentsa digitaleko, sare sozialetako eta kanpoko euskarrietako publizitate kanpainak eta Joko Olinpikoek eta Paralinpikoek Frantziako hiriburuan izango duten jarraipen mediatikoak
Gainera, Fundazioak webgune berria estreinatuko du eta uztailetik aurrera Jokoekin lotutako kamiseta ofizialaren bertsio esklusiboa saltzen hasiko da

Getxo, 2024ko ekainaren 28a. Basque Teamek, goi-mailako euskal kirola bultzatzen duen fundazioak, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Frantziako hiriburuan kokatzen den ‘Kirolarekin dantzan’ kanpaina aurkezten dute, historiako jokorik kulturalenak izango direnen alderdi artistikoenari erreferentzia eginez. Frantziako hiriburuan grabatutako telebistako spot batean, euskal artista arrakastatsuenetariko baten, Izaro abeslariaren, ‘Paris’ kanta ezagunak lagunduko ditu euskal kirolarien irudiak. Kantuaren indarrak helmuga azpimarratzen du, uda honetan goi mailako kirolaren epizentroa izango den hiriburuaren izena. “Lau urte, mila amets, hiri bat eta talde bat” kanpainaren lelopean, aurtengo udako hitzordu handian lehiatuko den euskal kirolarien segizio zabalak ziklo olinpiko osoan zehar egindako ahalegina azpimarratu nahi da.

Telebista, irrati eta prentsa digitaleko kanpaina mediatikoa indartuko da, gainera, sare sozialetako kanpaina eta kanpo-publizitateko kanpaina batekin, 2016an Rio de Janeiroko eta 2021eko Tokioko Joko Olinpiko eta Paralinpikoen harira egindakoen antzera. Aurten hiru euskal hiriburuetako kaleak euskal eliteko kirolarien espiritu olinpikoarekin jantziko dira berriro. Hiru euskal hiriburuetako garraio publiko nagusiek horretarako propio sortutako irudia eramango dute, ziklo olinpiko osoan integrazioaren, taldearen, herrialdearen eta berriro sakrifizioaren ideia jasotzen duena. Irudian kirolariak lehiarako prest erakusten dira. Horrela, Bilboko metro eta tranbiaren, Donostiako autobusen eta Gasteizko tranbiaren erabiltzaileek gure kirolariekin “elkarbanatuko dute egunerokoa”, ia Jokoak amaitu arte.

Kanpaina honek orain dela hilabete batzuk Basque Team Fundazioak hasitako komunikazio ekintzak osatuko ditu. Apiriletik Basque Teamek ekoiztutako ‘BAT to Paris’ programa eskaini da ETBn. Aurrekoetan bezala, ‘BAT To London’, ‘BAT To Rio’ eta ‘BAT To Tokio’ saioetan bezala, protagonisten testigantzak jasotzen dira ataletan eta eliteko kirolaren egunerokotasuna nolakoa den erakusten da. Komunikazio-ekintza hauen guztien punturik altuena udan helduko da, Parisen zuzenean egingo den Joko Olinpikoen eta Paralinpikoen jarraipen mediatikoarekin.

Era berean, Basque Teamek udako Jokoak baliatuko ditu webgune berria estreinatzeko (www.basqueteam.eus) eta, bere ohiko kamiseta ofizialekin batera, Parisko ekitaldi handirako propio sortutako diseinu esklusibo bat jarriko du salgai uztailean. (www.negua.eu)

Basque Team Fundazioak kirolariek egindako sakrifizioari balioa eman nahi dio eta gizarteari dei egiten dio animatzeko eta hitzordu olinpiko eta paralinpikoak ilusioz sentitzeko. Fundazioak, jarduera sorta honekin, bere kirolarien saiakerengatik duen harrotasuna helarazi nahi dio gizarteari, eta kirolarien lorpenen partaide egin nahi du hain une berezian.