Anette Gonzalez Etxabarri bere ahizpa hirugarren izan da
Getxo, 2025eko otsailaren 26a. Janire Gonzalez Etxabarri podiumeko bigarren tokira igo da Pro Taghazout Bay proban, Anchor Pointen (Maroko) jokatu den eta euskal parte hartzaile ugari izan dituen QS 3000 proban.
Leticia Canales, Saioa Ortega, Nadia Erostarbe, Ariane Ochoa eta Janire eta Annette Gonzalez Etxabarri ahizpak lehiatu dira emakumezkoen taldean, eta Keoni Lasa, Adur Amatriain, Kai eta Hans Odriozola anaiak, Yago Dominguez, Markel Vizcarguenaga, Ruben Vitoria, Iker Trigueros, Andy Criere eta Joan Duru Baionako surflaria gizonezkoen multzoan.
Janire Gonzalez Etxabarri 32 onenen zerrendan sartu zen uretara, eta Hina-Maria Conradi frantziarra, Janina Zeitler alemaniarra eta Alys Barton britainiarra izan zituen aurkari. Zumaiarrak txandako olaturik onenak lortu zituen (13.83) hurrengo fasera Bartonekin batera aurrera egiteko (12.00).
Ahizpa ere, Annette, hirugarren txandara pasatu zen, eta bigarren izan zen bere txandan. Nadia Erostarbek bigarren postua eskuratu zuen berean, Nahia Milhau-ren atzetik, Ariane Ochoa eta Pauline Ado kanporatuz.
16 onenen kanporaketan Janirek Erostarbe, Jessie Van Niekerk hegoafrikarra eta Lilias Tebbai marokoarra izan zituen lehiakide. Basque Teameko bi surflariek erdietsi zituzten final-laurdenak, Nadiak 11.63ko puntuazioarekin eta Janirek 12.50ekoarekin. Annette Gonzalez Etxabarri izan zen bere serieko onena, eta eguneko banakako notarik onena lortu zuen, final laurdenetara igaroz.
Gaur jokatu dira final-laurdenak eta Annettek, junior mailako Europako txapeldunak, CTan orain dela gutxi debutatu duen Nadia Erostarbe kanporatu du. 7.67ko olatu batekin eta 6.17ko beste batekin, Gonzalez Etxabarri ahizpetako txikia Erostarbe baino gehiago izan da era nabarmenean. Erostarbek 4.00eko eta 0.80ko olatu bana baino ezin izan ditu surfeatu. Janirek, bere aldetik, Nahia Milhau frantziarra utzi du txapelketatik at, bere aurkariaren 9.80aren gainetik pasatu da 13.00ko puntuazioarekin.
Annettek eta Janirek familiako loturak alde batera utzi behar izan dituzte gaur, uretan indarrak neurtzeko finalerdietan. Bi surflariak txapelketa honetan nabarmendu dira eta finalaurrekoan ere oso borroka parekatua utzi dute. Janirek lidergoari eutsi dio, Annettek batere erraz jarri ez dion arren. 13.37ko notarekin Janirek 11.24ko puntuazioarekin geratu den bere ahizpa menderatu du.
Finalean Janire Francisca Veselkorekin borrokatu da. Portugaldarraren lehen olatua 8.17koa izan da, harlauza astunegia Zumaiakoarentzat, txandako ordu erdiari ekiteko. Ondoren, 8.67ko beste bat zamalkatu du, Janire oso egoera zailean utzita. Gipuzkoarrak ezin izan dio serieari buelta eman 0.83 eta 4.50eko bi olatu onenekin.
Janireren bigarren postuaz eta Anetteren hirugarren postuaz gain, lehen aipatutako Nadia Erostarberen eta gizonezkoen koadroko Kai Odriozola eta Andy Criereren bosgarren postuak ere nabarmendu dira txapelketan.
Kai Odriozolak laugarren kanporaketan lortu zuen egun osoko bigarren puntuaziorik onena, 17,30ekoa, final-laurdenetarako sailkatuz, baina patuak Maxime Huscenoten aurka jokatzea nahi izan zuen, ziur asko sasoi onenean dagoen surflaria. Txanda liskartsua izanagatik, azkenean frantziarrak irabazi zuen.
Andy Crierek ere lan bikaina egin du txapelketa honetan, final-zortzirenetan bigarren postua lortuz Jorgann Couzineten atzetik, nahiz eta gero final laurdenetan Luke Thompson hegoafrikarraren aurka galdu zuen.
Fuente: Basque Team