Basque Team Fundazioak Begoña Lazkano ur lasaietako piraguistarekin hitz egin du Covid-19 koronabirusaren pandemiak sortutako konfinamenduaz eta Jokoen atzerapenaz. Egoera hori sortu aurretik, Tokioko Jokoetan lehiatzeko aukera emango zion aurreolinpikoari aurre egiteko prestatzen ari zen Begoña. Orain, bere etxean entrenatzen jarraitzen du, eta, horretarako, eskura dituen bitartekoak baliatzen saiatzen da; esaterako, bere lorategian duen igerileku txikia, non bere piraguetako bat sartu duen.

“Ondo momentuz, entrenamenduekin nagoelako eta unibertsitateko klaseak ordenagailuz jarraitzen ditudalako eta nahiko lanpetuta nago. Ez dut nire bizitza normla egiten, ez naizelako uretara joaten, baina saiatzen naiz entrenamenduekin etxetik jarraitzen eta nahiko ondo momentuz”.

“Gu Madrilen geunden. Nik Blumen entrenatzen dut eta harrapatu gintuen foko nagusian. Madril izan zen lehen astean lekurik kaltetuena. Blumen geunden eta bertan behera utzi behar izan genituen entrenamenduak, itxi zutelako eraikina eta entrenatzen dugun urtegiaren ondoko etxe bat alokatzea pentsatu genuen, entrenamenduekin normaltasunez jarraitzeko. Gauzak okerrera joan ziren eta ezin ginen etxetik irten uretara joateko, ezta baimenik lortu horretarako. Ikusi genuen entrenamendu maila mantentzea oso zaila izango zela eta entrenatzailearekin erabaki genuen, baldintzak lortzen bagenituen etxean, urtegiaren etxean egiten genuen lana bakoitzak bere etxean egitea. Donostiara etorri nintzen eta hemen saiatzen ari naiz entrenamenduak jarraitzen simuladore baten bitartez uretan egiten den lana lurrean eginez. Gimnasioa egiten dut, bizikleta, eta uretako simuladorea, piraguaren antzekoa dena”.

“Erronka bat da, planifikazioak eta konpetizioak eten direlako eta guretzat hori mentalki ziurgabetasunarekin jokatzea delako. Ez zaude lasai ez dakizulako zertarako ari zaran prestatzen, dena bertan behera geratzen da, ez dakizu noiz izango den preolinpikoa, noiz izango den Espainiako hautapen proba…. Ez dakizu ezer eta entrenatzen ari zara gaizki, ez zarelako uretara irteten eta gure kirolean uretako sentsazioak oso garrantzitsuak dira. Bestetik etxean zaude eta ez dakizu zehazki zertarako ari zaren prestatzen. Buruarentzat hori ez da lasaigarria eta nabaritu egiten da. Ni saiatzen naiz pentsatzen zeozertarako entrenatzen ari naizela, helburuak berdinak direla eta nire lan normalarekin jarraitzen”.

“Nire kirola Jokoen arabera doa eta hori atzeratu zutenez dena geratzen da airean. Preolinpikoa noiz izango den ez dakigu eta Espainian ere bi hilabeterako lehiaketa guztiak bertan behera geratu ziren. Beraz, ez dakigu ezer eta entrenamenduen mailari eusten saiatzen ari gara, baina beti jakinda ez dakigula ze hilabetetarako prestatzen ari garen. Horrek zalantzak sortzen dizkizu baina zentzu horretan Espainian denak gaude berdin eta kanpoan uste dut berdin egongo direla. Guztiok gaude berdin edo ia berdin ziurgabetasunari dagokionez, bestean ez dakit.

“Nire ustez aukerarik egokiena zen, dena urtebete atzeratzea eta pandemia hau igaro arte itxarotea. Joko olinpikoak oso garrantzitsuak dira baina gizartearen osasuna da lehenengoa eta nire ustez erabaki zuzenena da, baita kirolarien lasaitasunerako ere. Zuk baldin badaukazu lehiaketa garrantzitsuena uztailean, alde batetik osasunean pentsatzen ari zara baina bestetik entrenatu behar duzula eta ez zaudela ez batean ez bestean agian. Hori ez da egokiena ez kirolarientzat, ez gizartearentzat. Guztiek konzientziatuta egon behar dugu eta danak batera; beraz, niretzat bai da erabaki zuzenena”.