Dokumental saila osatzen duten bost atalak igande goizetan emititzen dira ETB1eko ‘Helmuga’ saioan
Getxo, 2022ko urtarrilaren 12a. Basque Team Fundazioarentzat Korima Films ekoiztetxeak egindako programak eski alpinoa izango du ardatz aste honetan, “Anbizioaz gainezka” izeneko kapituluarekin. Juan del Campo eta Aingeru Garay bekadunen eta June Garitano bikaintasun proiektuko kidearen adierazpenak biltzen dira bertan.
Juan Del Campo eski alpinoaren erreferenteetako bat da estatu mailan, eskarmentu handia du Europako eta Munduko Kopetan eta hiru Munduko Txapelketetan aritu izan da, adina gorabehera. Bizkaitarrak badaki lehen 30en artean sartzea eta bigarren txandarako sailkatzea txapelketa gorenetan, ehuneneko edo milenekoen kontua dela askotan, eta horregatik, atsedenik gabe lan egin behar dela xehetasunik txikienak ere doitzeko.
Hala eta guztiz ere, Juanek beti izan du handinahia. Helburuen zailtasunaz jabetzen den arren, ez du sentitu nahi ez duela dena pistan utzi, eta horregatik ez du inoiz mugarik jartzen: “Nire ametsa beti berdina da, Jokoetan eta Munduko txapelketetan urrezko domina bat zintzilikatzea edota Munduko Kopako sailkapen nagusia bereganatzea, hau da, gorenera iristea”.
Juan 2018ko Pyeongchangen lehiatu zen eta bidea ireki zuen beste eskiatzaile batzuentzat, Aingeru Garay eta June Garitano kasu. Biek dituzte orain Del Campok ekin zionean existitzen ez ziren lan-egiturak. Aingeruk eta Junek euren bizitza eskiari ematea erabaki dute eta euren aurrerapen teknikoak ikusteak motibatzen ditu, emaitzak beti esperotakoak ez izan arren. Biek lurrean dituzte oinak eta badakite frustrazioarekin bizitzen. Etorkizun oparoa iragartzen zaie, Juanek dioen bezala, garaipen gosea eta gogoa dutelako. “Anbiziorik ez baduzu, ez zara iristen, gainerakoa ikasi egiten duzu” azpimarratzen du Del Campok.
‘Bat To Beijing’
Beijingeko Joko Olinpikoetan eta Paralinpikoetan lehiatzeko borrokatu diren euskal kirolarien ahalegina islatzen da urtarrileko bigarren asteburutik Euskal Telebistan astero ematen ari diren erreportaje sortan. ‘BAT to Beijing’ programak ‘BAT To Tokio’, ‘BAT To Pyeongchang’ eta ‘BAT To Rio’ saioen txanda hartu du. Horietan antzeko formularekin aurkeztu ziren udako eta neguko hitzordu olinpikoetan eta paralinpikoetan parte hartu zuten euskal kirolariak.
Erreportaje sorta honek ikus-entzunezko istorio handien osagaiak biltzen ditu, kirolarien ametsak, erronkak eta gainditzeko irrikak kontatzen baititu. Programak pertsonen profil hori du ardatz, ikuslea bere borrokan eta helburuetan inplikatzeko.
‘BAT to Beijing’ astero emititzen da pantaila txikian, igandeetan, ETB 1eko ‘Helmuga’ saioaren barruan. Atal bakoitzak 10 minutuko erreportajea du, eta, beraz, Olinpiar eta Paralinpiar Jokoak baino aste batzuk lehenago, Txinako hirian lehiatzeko sailkapena lortzeko borrokan aritu diren euskal kirolariak ezagutzeko aukera dute ikus-entzuleek.
Korima Films ekoiztetxeak egindako saioak irudi ikusgarriak eskaintzen ditu eta ikus-entzunezko baliabide modernoenak erabiliko ditu.