Nola sortzen da txapeldun olinpiko bat Euskadin?
Basque Teameko talde biomediko-teknikoak kirolariak euren entrenamendu eta lehiaketa lekuetara laguntzen ditu bikaintasuna bilatzeko
Basque Team Zentroko arduradun biomedikua, Markel Arregui, laktatoa hartzen Iñigo Martinez de Albornoz mendiko eskiatzaileari, Candanchun.
Getxo, 2025eko urtarrilaren 28a. Basque Teameko bekaduna den Iñigo Martinez de Albornoz kirolaria nazioartean ari da mendiko eskian lehiatzen. Ez hori bakarrik. Zerrendako goiko postuetan dauden kirolarien artean dago, elitearentzat gordetako eremuan. Azken urteetan meritu handiko emaitzak lortu ditu Munduko Kopan, Europako txapelketetan eta Munduko txapelketetan. Asteburu honetan Munduko Kopako Boi Taülleko proban lehiatuko da eta martxoaren hasieran Morginsen (Suitza) izango da, Milan-Cortina d ‘Ampezzoko 2026ko Neguko Jokoetarako sailkapena zehazteko balioko duen Munduko txapelketan.
Bere lehen Jokoak izango litzatekez. Horietarako txartela eskuratzeko hautagaietako bat da, eta sailkapena lortuz gero, podiumera igotzea du helburu.
Orain arte artikulu honetan paragrafo eskas batean laburtu denak, ordea, lan eskerga eta fintasun izugarria behar ditu pieza guztiak ahokatzeko edo uztartzerako orduan. Nahiz eta lehen begiratuan Iñigo banakako kirol batean lehiatzen dela iruditu, atzean talde sendo bat dauka, erabat jositako lana egiten duena ezarritako helburuak lortu ahal izateko.
Baina zein da talentu baten, promesa baten, goi mailako kirolari baten eta erpinaren gailurrik gorenean dagoen kirolari baten arteko aldea?
Xehetasun minimoak, ehunenak, milarenak. Gutxieneko alde horiek egokitzea oso zaila da. Bikaintasuna bilatzen da, eta, hori aurkitzeko, beharrezkoa izaten da, batzuetan, ohiko joko-eremutik, laborategitik, irtetea. Espazio horretan, askotan, elementuak kontrolatuta egoten dira, baina askotan kirolariak hortik kanpo duen errealitatea ez da erabat islatzen, beste aldagai batzuk ere sartzen baitira jokoan. Mundu errealak ahalik eta gehien egokitzen zaion prestakuntza behar du, nahiz eta jakin ziurgabetasuna beti egongo dela neurri handiagoan edo txikiagoan.
Ezkerretik eskuinera: Markel Arregui, Gonzalo Vila, Igor Alzelai, Iñigo Martínez de Albornoz y Aitor Alberdi.
Hori dela eta, aste honetan Basque Team Zentroan lan egiten duen taldeko kide batzuek Iñigo Martinez de Albornoz lagundu dute Candanchun egindako entrenamenduetako batean. Donostiarrak bertan du neguko egoitza. Bertan, altuerako entrenamenduak (1.500 metrora lo eginez eta kota horretatik gorako saioak eginez) eta entrenamendu espezifikoak (eskiekin, lehiaketetan bere lan-tresna erabiliz) egiten ditu. Lagun izan ohi ditu Gonzalo Vila, bere teknikari eta fisioterapeuta, eta Igor Alzelai, Mendiko Eskiko Euskal Federazioko hautatzailea. Hala ere, oraingo honetan, Basque Team Zentroko arduradun biomedikuak, Markel Arreguik, eta Aitor Alberdi goi mailako teknikariak bat egin dute espedizioarekin. Gaur egun, haiek eramaten dute gidaritza, eta Iñigo prestatzeko jarraibideak ezartzen dituzte.
Candanchura joateak hiru helburu nagusi izan ditu: Iñigoren entrenamendu-lekua aztertzea (entrenamenduari dagokionez planteamendu egokiak egiteko); bere ohiko lantaldearekin saioan egotea, denboraldiaren analisia egitea eta erabakiak hartzea, eta entrenamenduen balorazioa egitea parametro biomediko-teknikoak erreferentziatzat hartuta.
Goi-mailako azterketa zehatza egiteko, oso garrantzitsua da lehiaketetan zer gertatzen den jakitea, baina beti ezin dira aztertu edo ez dago informazio nahikorik. Hori gertatzen denean, entrenamenduak oso baliabide baliagarri bihurtzen dira datuak biltzeko. Entrenamendu horien bidez, kirolaren ezaugarriak zehaztu eta entrenamendu-proposamen bat egin daiteke, kirolariaren behar zehatzen arabera.
Iñigoren kasuan, oraingo honetan iraupen labur eta ertaineko ahalegin errepikatuak antolatu eta bilatu ziren (lehiaketaren antzeko ahalegina). Hau da, goiz berean hiru minutuko lau esfortzu maximal egin ziren gehienez, eta ondoren laktato-maila hartu zen, ondorio egokiak atera ahal izateko.
Iñigo Martinez de Albornozen kirolak eskaera metaboliko handia du (potentzia handia behar du), eta intentsitate horrek, gainera, nolabaiteko iraupenean eskatzen da. Ezaugarri horiei teknikoak gehitu behar zaizkie: eskia, korrikako zatia, materiala aldatzeko trantsizioak eta jaitsierak.
Podium olinpiko batek eskatzen duen bikaintasunaren bilaketan, giharrak eta bihotza muturrera eramaten dira ahoan odolaren zaporea dastatzen den bitartean. Maila horretan jarri da aste honetan Iñigo Martinez de Albornoz Candanchuko entrenamenduetan eta bertara joan dira Basque Teameko talde biomediko-teknikoaren kide batzuk, bilaketa horretan laguntzeko, kirolariari eskaintzen zaion laguntza eta zaintza integrala delako, horrelako izan behar delako. Kirolari olinpiko baten prestakuntzan, talde-lana eta eremuan bertan egindako lanak funtsezkoak dira. Ildo horri jarraituz bultzatzen da goi-mailako kirola Euskadin.
Fuente: Basque Team