Paris, 2024ko abuztuaren 29a. Ander Cepas podiumera igotzeko faborito nagusienetako bat zen 18 klaseko mahai-teniseko binakako txapelketan, baina donostiarraren debuta ez da espero bezala joan. Harmailetako giroak eta presioak min egin diote Cepasek eta Jorge Cardonak osatutako bikoteari. Bere kidearen esperientzia aldeko faktorea izan arren, South Paris Arenan bildutako zaleen orroa ez da kudeatzen erraza izan kirolari gaztearentzat. Nahiz eta Cepasek eta Cardonak hasiera ona izan duten, porrota jaso dute Luiz Filipe Manara eta Claudio Massad brasildarren aurka (3-1). Orain gipuzkoarra S9 klaseko banakako lehiaketan zentratuko da, bertan dominen borrokarako faboritoetako bat ere bada.
Iker Sastrek ere bere lehen partida jokatu du Parisko Joko hauetan, baina ezin izan du emaitza onik lortu, 4 klaseko binakako txapelketako final-laurdenetan galdu baitu. Zozketa ez zen batere atsegina izan Bilboko jokalariarekin eta Miguel Angel Toledo taldekidearekin, Peter Lovas eta Jan Riapos eslovakiar bikote zaila egokitu baitzitzaien. Tokioko binakako txapelketan diploma bat lortu zuten Sastre eta Toledo ederki borrokatu dira, baina 3-2 galdu dute. Orain, Cepasen kasuan bezala, Sastrek banakako lehiaketa izango du ardatz.
Igeriketan Mikel Erdozain gazteak gaur goizean egin du debuta Joko Paralinpiko batzuetan, S2 mailako bizkar estiloko 100 metroetako sailkatze seriearekin. 3:10.73ko denborarekin hamargarren postuan bukatu du Leioako kirolariak eta, beraz, ez da sartu arratsaldeko finalerako txartela ematen zuten zortzi denbora onenetan. Gogoan izan behar da Mikelek tetraparesia espastiko distonikoa eta diszinesia dituela, lehen boccia praktikatzen zuela, baina igeriketara igaro ondoren aurten bertan egin duela nazioarteko debuta, eta oraindik ere hobetzeko tarte handia duela. Bizkaitarrak pozik bukatu du Defense Arenan egindako lana.
Gurpil-aulkiko saskibaloian gaur hasi da multzoen fasea gizonezkoen zein emakumezkoen kasuan, eta bi taldeek aurkari gogorrak izan dituzte. Agurtzane Egiluz, Laura Ugarte eta Naiara Rodriguezen selekzioak porrot galanta jaso du Britainia Handiaren aurka. Defentsan egindako hutsek eta kontzentrazio faltak 69-34 galtzea ekarri diete. Gizonezkoen selekzioak, bere aldetik, aurre egin die Estatu Batuei eta neurketaren fase batzuetan oso gertu eduki dituzte, bi puntura ere jarri direlarik. Azken laurdenean, ordea, amerikarrek alde egin dute berriro, behin betiko 66-56ko emaitza lortzeko.
Azkenik, arku-tiroan, Guillaume Toucoullet Baionako kirolariak lehen postuan amaitu du banakako lehiaketako arku errekurbo edo tradizionalaren rankingerako sailkapen-txanda. 652ko puntuazioarekin, marka paralinpikoa hautsi du eta zuzenean final-zortzirenetan sartu da. Final zortzirenak irailaren 4an jokatuko ditu, 15:27an.
Abuztuaren 30erako programa
Arrauna
Vaires-sur-Marne Nautical Stadium
10:50 Binakako scull mixtoa – PR2Mix2x, sailkapen estropada: Perle Bouge
Pistako txirrindularitza
National Velodrome
11:30 Gizonak C4-5 1.000 metro Time Trial, sailkapena: Dorian Foulon
12:50 Gizonak C2 3.000 metro banakako jazarpena, sailkapena: Alexandre Leaute
13:30 Gizonak C3 3.000 metro banakako jazarpena, sailkapena: Eduardo Santas
14:57 Gizonak C4-5 1.000 metro Time Trial, sailkapena: Dorian Foulon
15:46 Gizonak C2 3.000 metro banakako jazarpena, urrearen lasterketa: Alexandre Leaute
16:18 Gizonak C3 3.000 metro banakako jazarpena, finala: Eduardo Santas
Gurpildun aulkiko saskibaloia
Bercy Arena
12:45 Gizonak, Espainia – Australia: Asier Garcia
21:30 Emakumeak, Txina – Espainia: Agurtzane Egiluz, Laura Ugarte, Naiara Rodriguez, Bea Zudaire
Tiroa
Chateauroux Shooting Centre
13:30 R4 – Aire erriflea 10 metro zutik klase SH2 mistoa, sailkapena: Fernando Michelena
16:15 R4 – Aire erriflea 10 metro zutik klase SH2 mistoa, finala: Fernando Michelena
Boccia
South Paris Arena 1:
18:10 Emakumeak banaka -BC1 Pool B: Amagoia Arrieta vs Aurelie Aubert (FRA)
Fuente: Basque Team





