Dokumental saila osatzen duten 10 atalak igande goizetan emititzen dira ETB 1eko ‘Helmuga’ programan

Getxo, 2021eko maiatzaren 20a. Akhonmedia ekoiztetxeak Basque Team fundazioarentzat egindako dokumental saioak atletismoari eskainiko dio kapitulua aste honetan. Distantzia ezberdinetan lehiatzen diren emakumeak ditu ardatz: Elena Loyo maratoilaria eta proba laburragoak jorratzen dituzten Itxaso Munguira eta Tania Castillo paratletak. ‘Norbere mugetatik harago’ izenburua duen atala maiatzaren 23an izango da ikusgai, 11:30ean, ETB 1eko ‘Helmuga’ programaren barruan. Ondoren, atal guztiak ikusi ahal izango dira (euskaraz eta gaztelaniaz) Basque Team Fundazioaren youtube kanalean.

Atalaren hiru protagonistak oso urrun iritsi dira programa olinpikoan zein paralinpikoan izarra den kirolean, atletismoan. Itxaso Munguira eta Tania Castillo paratletentzat libre sentitzeko modu bat izan da kirol hau, eta pixkanaka euren ezintasunek sor diezazkieketen oztopoak gainditzen joan dira. Bai Itxaso Munguira Basque Teameko bekadunak, bai Tania Castillo bikaintasun-proiektuko kideak, kirol-jardueraren eta txapelketen bitartez izan dituzten bizipenak eta aberastasunak nabarmentzen dituzte zentzu horretan.

Itxasok eta Taniak bezala, Elena Loyok ere ahalegin itzela egin behar izan du bere helburua oso denbora laburrean lortzeko: Tokioko Jokoetako maratoi proban lehiatzeko gutxieneko marka egitea. Martin Fiz bere entrenatzaileak dioenez, duela ez denbora asko Elena atleta herrikoia zen, talentuduna, baina ez zen profesionalki atletismoan aritzen. Loyok, ingeniari lanbidez, atletismoaren aldeko apustua egin zuen, eta ziklo olinpiko honetan, pixkanaka, bere marka, presio eta muga guztiak gainditu ditu, gorenera iritsi arte.

‘Bat To Tokio’

Tokioko Joko Olinpikoetan eta Paralinpikoetan lehiatzeko borrokatu diren euskal kirolarien ahalegina islatzen da apirileko lehen asteburutik Euskal Telebistan astero emango den erreportaje sortan. ‘BAT to Tokio’ programak ‘BAT To Rio’ eta ‘BAT To Pyeongchang’ saioen txanda hartuko du. Horietan antzeko formularekin aurkeztu ziren udako eta neguko hitzordu olinpikoetan eta paralinpikoetan parte hartu zuten euskal kirolariak.

Erreportaje sorta honek ikus-entzunezko istorio handien osagaiak biltzen ditu, kirolarien ametsak, erronkak eta gainditzeko irrikak kontatzen baititu. Programak pertsonen profil hori du ardatz, ikuslea bere borrokan eta helburuetan inplikatzeko.

‘BAT to Tokio’ astero emitituko da pantaila txikian, igandeetan, ETB 1eko ‘Helmuga’ saioaren barruan. Atal bakoitzak 10 minutuko erreportajea izango du, eta, beraz, Olinpiar eta Paralinpiar Jokoak baino hilabete batzuk lehenago, Japoniako hirian lehiatzeko sailkapena lortzeko borrokan aritu diren euskal kirolari asko ezagutzeko aukera izango dute ikus-entzuleek.

Akhonmedia ekoiztetxeak egindako saioak irudi ikusgarriak eskainiko ditu eta ikus-entzunezko baliabide modernoenak erabiliko ditu.

Basque Team Fundazioa

Fundazioa 2007an sortu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Irrati Telebistak (EiTB). Hastapenetan bezala, Basque Team-en helburua da euskal kirolari ez-profesionalei baliabide ekonomikoak eta era guztietako zerbitzuak ematea (medikuak, teknikoak, psikologikoak, komunikaziokoak, laneratzekoak eta ikasketa-arlokoak), nazioarteko lehiaketa gorenetan parte har dezaten eta bikaintasun-emaitzak lor ditzaten.

Basque Team