Zarauztarrak bederatzigarren amaitu du Hawaiiko Lexus Pipe Pro txapelketan, estatu mailan horrelako txapelketa batean lehiatu den lehen emakumea izanik

Donostia, 2025eko otsailaren 11. Nadia Erostarbe etxera itzuli da euskal kirolean historia egin ostean, WCTn, munduko surf zirkuitorik onenean, debuta egin ondoren. Gaur harrera egin diote Donostian Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Gorka Iturriaga Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak eta Olatz Legarza Basque Team Fundazioko koordinatzaileak. Gipuzkoako hiriburuko Aquariumeko Auditorioan egindako prentsaurrekoan Euskal Federazioen Batasuneko kideak, Guillermo Gutiérrez bere teknikaria, lankide eta surflariak eta komunikabide ugari ere izan dira.

Basque Teameko kirolaria pozarren agertu da bere ibilbide bikainean beste pauso bat eman ondoren, Banzain (Oahu, Hawai) jokatutako Lexus Pipe Pro mitiko eta zorrotzean estreinakoa izan baitu. 2025ean World Championship Tour (WCT) munduko surfaren kategoria gorenean egin den lehen ekitaldia izan da. Horrela, estatu mailan surfaren zirkuiturik ospetsuenean debuta egin duen lehen emakumea izan da Nadia, eta bigarren euskal surflaria, estatuan Aritz Aranburu Basque Teameko kirolaria bakarrik iritsi baita maila horretara.

Nadia Erostarbek aurreko urtean egindako denboraldi bikaina ez zen oharkabean pasa World Surf Leaguean (WSL), eta maila pribatuko surfaren erakunde gorenak aurtengo lehen hitzordu handian parte hartzeko gonbidapena eman zion. Nadia 2024an postu batera geratu zen CTra igotzeko borrokan, Challenger Serieetako zerrendako seigarren surflaria zen, horregatik aukeratu zuten Hawaiin baja izan den Johanne Defay ordezkatzeko.

Lexus Pipe Pro txapelketan, Nadiak debut bikaina egin zuen. Zarauzko surflariak bigarren postuan amaitu zuen hasierako txandan, final-zortzirenetan toki bat bermatuz. Bere saioa amaitzeko bi minutu besterik falta ez zirenean, Nadiak aukera aprobetxatu zuen bere bigarren olatua zamalkatzeko eta bere backside surfing zenbait maniobrarekin erakusteko. Caroline Marksek (AEB) 11.83ko emaitza lortu zuen, Nadia Erostarbek (EUK) 7.17koa eta Bella Kenworthyk (AEB) 6.67koa.

Egun batzuetako geldialdiaren ondoren, Nadiak berriz ere Caroline Marks estatubatuarrarekin neurtu behar izan zituen indarrak final-zortzirenetan, 2023an Munduko txapeldun izandakoarekin. 40 minutuko txanda batean, olatu gutxirekin eta korronte handiarekin, ezin izan zen luzitu.

Lehenengo 25 minutuetan bi kirolarietako batek ere ezin izan zuen ia ezer egin. Azken ordu laurdenean Marksen bi eskuinek garaipena eman zioten. Nadia urduri samar egon zen, zalantzakor kasu batzuetan, eta ez zuen lortu horrelako aurkari bati irabazteko behar zituen olatuak.

Nadiak bederatzigarren amaitu zuen CTko urteko lehen proba handian, eta garrantzitsuagoa dena, beste urrats erraldoi bat eman zuen bere ibilbide bikainean. Gogoratu behar da zarauztarra izan zela estatu mailan Joko batzuetarako sailkapena lortu duen lehen surflaria, 2021eko Tokioko programa olinpikoan surfa sartu zenetik. Puerto Ricon Munduko Txapelketa ederra eginez lortu zuen txartela, 2024an, finalera iritsiz eta merezimenduzko laugarren postuarekin amaituz.

Gaztea izan arren, Nadia Erostarbek sei World Surfing Game (ISAk antolatutako Munduko Txapelketa) jokatu ditu, eta Challenger Serieetako zirkuitu pribatuan izarretako bat da, CTtik gertuen dagoen zirkuituan, lehiari dagokionez. Aipatzekoak dira Sydney Surf Pro presented by Bonsoy eta Lexus US Open of Surfing presented by Pacifico txapelketetan lortutako hirugarren bi postuak eta iaz Bonsoy Gold Coast Pro presented by GWM eta Ballito Pro txapelketetan lortutako bosgarren postuak.

Orain Nadiak beste pauso bat eman du Munduko 18 surflari onenen zirkuituan lehen aldiz lehiatuta.

Bere hitzartzean, Ibone Bengoetxeak, lehen lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, hiru ideia nabarmendu ditu. Lehena, elkarlanaren garrantzia, erakunde eta kirolarien artean: “Erakundeen laguntza ezinbestekoa da goi-mailako kirolarien ibilbidean. Erakundeok gertu egon behar dugu bide hori errazteko eta hazten laguntzeko. Eta elkarlana da horren guztiaren gakoa”.

Bigarrenez, kirola baloreen eta nortasunaren transmisiorako tresna paregabea dela azpimarratu du Bengoetxeak: “Euskadi Berria eraikitzen ari gara, kirolaren baloreetan oinarritutako komunitate indartsu bat. Eta, Euskadi Berri horretan, erreferenteak behar ditugu, eta gu, erakundeok, erreferente horiekin egongo gara partekatutako etorkizun hori elkarrekin eraikitzeko”.

Azkenik, lehendakariordeak balioan jarri du surfak jokatzen duen papera Euskadi Globala estrategian: “Gure herriaren nazioartekotzean eta ofizialtasunean, surfa elementu garrantzitsua da berezko izaera, nortasuna eta historia boteretsua baitu Euskadin, gure herriaren ikur izateko kanpoan. Horregatik, azken bi ziklo olinpikoetan ia milioi bat euro bideratu dira surflarien beketara eta surfaren proiektura”.

Nadia Erostarberen biografia
Zarautz, 2000-05-27
Posizioa: Goofy (eskuineko oina aurretik)

Nadia surflarien familiatik dator. Euren gomendioak entzuten ditu, eurak dira bere sostengua, eurekin bidaiatzen du eta eurek irakatsi zioten, hiru urterekin, bere ogibide bihurtu den kirola. Senitarteko guztiek surfeatzen dute: aitak, amak, ahizpak, osabak… Hiru urterekin jarri zen taula baten gainean eta ordutik ez da geratu.

Nadiak hasieratik etorkizun oparoa izango zuela erakutsi zuen arren, 2018a berezia izan zen. Bereibilbidean jauzi handia eman zuen Taharako Munduko txapelketa jokatu zuenean. Proba handia zen, handiekin neurtu behar zituen indarrak eta seigarren postuan amaitu zuen. Hori hasiera besterik ez zen izan. Gainera Aloha Cup-ean urrea irabazi zuen taldearen partaide izan zen.

2019an Senegalen eta Txilen lortu zituen garaipenek baieztatu zuten Munduko txapelketan ikusi zena. Ondoren, Miyazakiko Munduko txapelketan, onena izan zen berriro banakako lehian, 12. postuan bukatuta.

Orain dela bi urte ahulaldia izan zuen Australiako surfa etxeko ikasketekin uztartu behar izan zuenean. “Australiara joan etorriak egiten nituen klaseetara joateko. Batzuetan hegazkina hartzen nuen azterketa bat egiteko eta jarraian Australiara itzultzen nintzen. Estresagarria zen” gogoratzen du.

2021ean Tokioko Jokoetarako postu bat eskuratzen saiatu zen El Salvadorreko Munduko Txapelketan,baina ez zuen lortu, 33. bukatu baitzuen. 2022ko Munduko txapelketan, Huntington Beach-en, 15. postuan amaitu zuen eta 22.ean 2023ko El Salvadorrekoan.

Hala ere, gauzek nabarmen egin dute hobera gerora. Pasa den denboraldian agertu zen Nadiare bertsiorik onena oreain arte. Aipagarriak dira Qualifiying Serieetako Caraïbos Lacanau Pron erdietsitako garaipena, Rip Curl Pro Angleten lortutako 3. postua eta Rip Curl Pro Search Taghazout Bay proban erdietsitako 5.a. Horrez gain, Challenger Serieetan ere emaitza itzelak bereganatu ditu: 5. postua Ballito Pron eta Wallex US Open of Surfingen, 9 postua EDP Vissla Ericeira Pron eta 3.a Sydney Surf Pron eta US Openean. Emaitza guzti horiengatik, Saquarema Pro txapelketara WCTra, zirkuitu gorenera, igotzeko aukerekin heldu zen. Oso gutxi falta izan zitzaion estatu mailan hori egin duen lehen emakumea izateko.

Puerto Ricoko Munduko Txapelketan, 2024an, gogor aritu zen, finalera iritsi eta laugarren izan zen, eta Pariseko Jokoetarako sailkapena ziurtatu zuen horrela. Teahupooko olatu mitikoan final laurdenetaraino heldu zen eta txanda horretan Tatiana Weston-Webb brasildarrarekin, diziplinako erreferenteetako batekin neurtu zituen indarrak. Nadiak bosgarren amaitu zuen eta diploma olinpiko bat eraman zuen etxera.

Etorkizunean, surfean hain zentratuta ez dagoenean, ikasketei berriz ekitea da bere asmoa, bere buruan, hobby gisa surfeatzen jarraitzeaz gain, nutrizioa ikastea ere baduelako.

Nabarmendutako emaitzak nazioartean
Olinpiar Jokoak
Paris 2024: 5. (olinpiar diploma)

WCT
2025
Lexus Pipe Pro: 9.

Women’s Challenger Series
2020
Sydney Surf Pro: 49.
2021
US Open of Surfing Huntington Beach by Shiseido: 17. MEO Vissla Pro Ericeira: 33.
Roxy Pro France: 49.
2022
Boost Mobile Gold Coast Pro: 49. GWM Sydney Surf Pro: 17.
Ballito Pro: 33.
VANS US Open of Surfing: 9. EDP Vissla Pro Ericeira: 25.Corona Saquarema Pro: 17.
Haleiwa Challenger, at Home in the Hawaiian Islands: 17.
2023
Ballito Pro: 5.
Wallex US Open of Surfing: 5.
EDP Vissla Ericeira Pro: 9.
Corona Saquarema Pro: 3.
2024
Bonsoy Gold Coast Pro presented by GWM: 5.
GWM Sydney Surf Pro presented by Bonsoy: 3.
Ballito Pro: 5.
Lexus US Open of Surfing presented by Pacifico: 3.
EDP Ericeira Pro: 9.
Corona Saquarema Pro dpresented by Banco do Brasil: 25.

Women’s Qualifying Series (podiums)
2018
Caparica Pro: 3.
2019
Senegal Pro: 1.
Krui Pro: 3.
Heroes de Mayo Iquique Pro: 1.
2020
Cabreiroá Pro Las Américas: 3.
2022
Seat Pro Netanya: 2.
2023-2024
Caraïbos Lacanau Pro: 1.
Rip Curl Pro Anglet: 3.

Specialty Events
French Rendez Vous of Surfing: 9.
MEO Portugal Cup of Surfing: 2.

ISAko Munduko txapelketak
Tahara (Japón), 2018: 6.
Miyazaki (Japón), 2019: 12.
El Salvador, 2021: 33.
Huntington Beach, 2022: 15.
El Salvador, 2023: 22.
Puerto Rico, 2024: 4.

Fuente: Bat Basque Team