Basque Teameko surflaria Teresa Bonvalot portugaldarrak baino ez du gainditu finalean
Getxo, 2022ko martxoaren 26a. Gure surflariek hitzordu handien gose ziren jada, eta denboraldiko lehena Israelgo Kontiki hondartzan jokatu da martxoaren 15etik. Gure kirolari asko lehiatu dira ekitaldian, baina Nadia Erostarbek egin du distira gehien.
Zarauztarrak bere surf indartsua paseatzera atera du, normalean olatuekin amaitzeko duen sendotasunarekin, eta pixkanaka koadroan aurrera egin du finalera iritsi arte.
Gipuzkoarra 32 onenen artean lehiatzen hasi zen, Maelys Jouault frantziarra, Lucy Campbell britainiarra eta Basque Teameko bekaduna den Garazi Sanchezen aurka. Gure bi kirolariak txandako onenak izan ziren eta aurrera jarraitu zuten. Nadiak 14.30eko puntuazioarekin egin zuen aurrera, bere olatuetako bat 8koarekin baloratuta, eta Garazik 10.16koarekin.
Final-hamaseirenetan Nadiak zirkinik egin gabe azpiratu zituen bere lehiakideak. Francisca Veselko portugaldarrarekin (honek ere aurrera egin zuen final-laurdenetara), Juliette Lacome frantziarrarekin eta Marion Philippe polinesiarekin neurtu zituen indarrak. Erostarbe izan zen, kasu honetan ere, serieko lehena, eta zailtasun handirik gabe igaro zen final-laurdenetara.
Kanporaketa horretan Nadia Erostarbek eta Garazi Sanchezk elkarren aurka aritu behar izan zuten finalerdietarako txartela lortzeko. Biak ederki borrokatu ziren, baina Nadiak eraman zuen garaipena 13:00eko puntuazioarekin (7.17+5.83); Garazik, berriz, 10.16 puntu lortu zituen (3.83+6.33).
Finalerdian berriz ere Nadia eta Francisca Veselko portugaldarra izan dira aurrez aurre. Bere txandaren hasieran zamalkatutako bi olatuk (4.23 eta 5.50) finalerako txartela eman diote Basque Teameko kirolariari. Veselkoko olatu onenek 3.33 eta 3.93 puntu aso dituzte.
Finalean Nadia Teresa Bonvalot olinpikoari aurre egiten saiatu da, baina gauzak zaildu egin zaizkio portugaldarraren olatu bati 9.63ko puntuazioa eman diotenean. Nadiaren bi olatu onenak, 6.53 eta 6.37koak, ez dira nahikoa izan txandari buelta emateko.
Netanya Pro txapelketako emaitzei esker, Nadia Erostarbek zazpi postu igo ditzake sailkapenean. WSLk otsailean iragarri zuen Europako surflariek 2022ko Challenger Serieetan plaza bat bilatzeko izango zuten egutegia. Apirilera arte hiru aukera egongo dira QSn puntuak lortzeko eta maiatzean hasiko den Championship Tourrerako hurrengo sailkapen-fasera igarotzeko. Lehenengo proba Israelen jokatu den SEAT Pro Netanya izan da. Proba ikoniko honetan World Surf Leaguek 3.000 puntu banatu ditu irabazlearentzat. Orain QS Portugalera abiatuko da. Lehenengo, apirilaren 5etik 10era, Estrella Galicia Caparica Surf Fest 2022 txapelketa jokatuko da. Ondoren, Estrella Galicia Pro Santa Cruz presented by Noah Surf House txapelketaren txanda etorriko da, apirilaren 12tik 16ra. Biak QS 3000ak izango dira. Gizonezkoetan bederatzi surflari onenek eta emakumezkoetan zazpi onenek, baita bi wildcardek ere, surfeko gorengo mailarako pasea ematen duten 2022ko Challenger Serieserako (CS) txartela lortuko dute.
Fuente: Basque Team