Hau da Basque Teameko kirolariaren bigarren domina igeriketa egokituko Munduko txapelketa honetan, estilo libreko 400 metrokoan lortutako zilarraren ondoren
Getxo, 2023ko abuztuaren 2a. Nahia Zudaire brontzezko hiru dominarekin itzuli zen iaz Funchalen (Madeira) jokatutako Munduko txapelketatik, eta denboraldi honetan marka hori hobetzeko bidean da. 2022an Nahia podiumeko hirugarren tokira igo zen estilo libreko 400 metrokoan, eta erreleboetako bi probetan: 4×50 metroko 20 puntukoan eta estilo libreko 4×100 metroko 34 puntukoan. Manchesterren jokoan den aurtengo edizioan, Usurbilgo igerilaria erakustaldi bikainak eskaintzen ari da banakako probetan. Lehen jardunaldian estilo libreko 400 metroko lasterketan lortutako zilarrari brontzezko domina gehitu zaio gaur bular erako 100 metroko proban.
Nahiak zuzenean jokatu du SB7 klaseko finala, sailkatze txandarik jokatu behar izan gabe. Finalean, hirugarren kalean igeri eginez, eta erreakzio-denbora onarekin, hirugarren postuan jarri da hasieratik. Lehen 50 metroak 45.63ko denboran egin ditu, Abi Tripp kanadarrarengandik 2.76 segundora. Probaren bigarren zatian, Tripp beraren eta Tess Routliffe herrikidearen arteko borrokak begirada guztiak bereganatu ditu, eta lehia horrek ezarri du, hain zuzen ere, azken 50 metroetako erritmo azkarra. Gipuzkoarra ez da gai izan borrokara gogor horretara batzeko eta erritmoa jaitsi egin du itzulerako zuzengunea egitean. 100 metroak 1:38.14ko denbora eginez burutu ditu. Routliffek eraman du urrea (1:31.91) eta Trippek zilarra (1:34.39).
19 urte baino ez dituen arren, Zudaire nazioarteko igerilari garrantzitsuenetako bat da. Azpimarratu behar da 2021eko Tokioko Jokoetan, bere lehen parte-hartze paralinpikoan, bi diploma irabazi zituela bi laugarren postu eginda tximeleta estiloko 100 metrokoan eta estilo libreko 400 metrokoan.
Nahia Zudaireren profila
Usurbil, 2004-05-10
Klasea: S8
Zudaire Basque Teamek eta Kirol Egokituaren Euskal Federazioak abian jarritako kirol bikaintasuneko proiektuaren parte izan da azken urteetan. 17 urteko gipuzkoarra igerilekutik atera den perletako bat da, eta bere lehen Joko Paralinpikoei gogotsu aurre egi zien Tokion, pasa den udan.
Baldintza fisiko eta tekniko bikainak ditu nerabe izanagatik eta Espainiako errekorrak hausten gozatzen du. Estatuko markarik onenak ditu S8 kategorian estilo libreko 50, 100, 200, 400 eta 800 metrokoetan, tximeleta erako 50 eta 100 metrokoetan eta 200 estilotan. Ura bere habitat naturala izan da bi urte zituenetik, gurasoek haurtxoentzako ikastaroetara eraman zutenetik. Nahiak paraparesia du beheko gorputz-adarretan, bihotzeko arazo baten ondorioz. Odolak ez zuen normaltasunez punpa egiten, eta muinaren ureztatze faltak hanketan mugimendua galtzea eragin zion. Gerritik behera indar gutxiago du, baina berriro ikasi zuen ibiltzen.
2015ean egin zuen debuta Valladoliden, AXA Promesas Paralímpicas Espainiako Txapelketan. Bosgarren izan zen hiru probatan eta horrek inpotentzia handia eragin zion, oso lehiakorra baita. Bi uda geroago, ordea, 14 urterekin, Berlingo Europako Txapelketa jokatzeko gutxienekoa lortu zuen eta bost finaletan sartu zen. Urtebete geroago bere lehen Munduko Txapelketarako sailkatu zen, Londres 2019rako.
Nahiak hobekuntza nabarmena izan du azken bi urteetan, batez ere, bere proba gustukoenean, estilo libreko 400 metrokoan, munduko onenekiko distantzia murriztuz.
2020an, belaunean lesio bat izan arren, suspertu egin zen konfinamenduan eta inoiz baino indartsuago itzuli zen. Berlingo Munduko Serieetan hainbat domina bereganatu zituen, hainbat Espainiako errekor hobetu ditu, eta horrez gain, estilo libreko 400 metrokoan zilar bat eta 100 metrokoan brontze bat lortu zituen Funchaleko (Portugal) Europako Txapelketan.
Iazko otsailean, Bartzelonako Igeriketa Egokituko Nazioarteko Trofeoan, B mailako gutxienekoa lortu zuen Jokoetarako sailkatzeko, estilo libreko 400 metrokoan estatuko plusmarka eginda, 5.06,21eko denborarekin, baina sailkapena ziurtatzeko Espainiari emandako kupoaren zain egon zen. Azkenean kirolari gipuzkoarrak hiru modalitatetan parte hartu zuen Tokioko Jokoetan: tximeleta estiloko 100 metrokoan, estilo libreko 400 metrokoan eta estilotako 200 metrokoan, eta diploma bana erdietsi zuen lehenengo bietan.
Jokoetatik bederatzi hilabete bakarrik pasa ondoren, Nahia Madeirako Munduko txapelketan lehiatu da, bertan hiru brontze eskuratuta: estilo libreko 400 metroko proban, 20 puntuko 4×50 metroko mistoetan eta 34 puntuko 4×100 metro libreetan.
Igeriketa munduan erreferenterik ez duela ziurtatu du, baina Richard Oribek, garuneko paralisia duen historiako igerilaririk onenak, egunero ematen dion aholku bakoitza bereganatzen saiatzen da.
Emaitza nabarmenenak nazioarte mailan
Tokioko Jokoak 2021
100m. tximeleta era. S8: 4. postua (diploma)
400m. estilo libre. S8: 4. postua (diploma)
200sm. estiloak. S8: sailkapen txanda
Europako txapelketa 2018 Dublin
200m. konbinatua. SM8: 6.
100m. estilo libre. S8: 7.
400m. estilo libre. S8: 5.
50m. estilo libre. S8: 5.
Europako txapelketa 2021 Funtsal
100m. estilo libre S8: Brontzea
400m. estilo libre. S8: Zilarra
200m. estiloak. S8: 4.
50m. estilo libre. S8: 5.
100m. tximeleta era. S8: 6.
Munduko txapelketa 2019 Londres
100m. estilo libre. S8: 10.
400m. Libre. S8: 11.
200m. Estiloak. S8: 11.
50m. estilo libre. S8: 13.
100m. tximeleta era. S8: 8.
4x100m. estilo libre. S8: 7.
Munduko txapelketa 2022 Funchal (POR)
400m. estilo librea S8: 3. (brontzea)
4x50m. 20 puntuak: 3. (brontzea)
4x100m. estilo librea 34 puntuak: 3. (brontzea)
Fuente: Basque Team






