• Gainera, Inma Puig, Eva Ferrer eta Isabel Abella bezalako medikuntzako, psikologiako eta genero berdintasuneko profesionalak ere bertaratuko dira azaroaren 21 eta 22an izango den hitzorduan.

• Kiroletako diputatu Goizane Álvarezek azpimarratu duenez, «telebistak emakumezkoen futboleko partidak ematea pozgarria da, baina aldi berean egiaztatzen du oraindik ere emakumezkoen kirola babesten jarraitu behar dugula, eta erakunde publikooi dagokigu bisibilizazio hori laguntzea».

• Inskripzioak irekita daude: https://congresoff.ficoba.org

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kirol Departamentuak sustatzen du Emakume Futbolarien I. Nazioarteko Kongresua eta Ficoban azaroaren 21 eta 22an izango diren hizlarien zerrendan beste hainbat izen entzutetsu gehitu dira, hain zuzen ere, Vero Boquete eta laura Gutiérrez futbolariak eta Inma Puig, Eva Ferrer eta Isabel Abella osasun mentaleko, fisikoko eta genero berdintasuneko profesionalak.
Boquete Espainiako selekzioko kapitain izan zen eta Bayern Munich edo PSG bezalako taldeetan aritu da; gaur egun Fiorentinan dabil. Nazioarteko futbolaria RTVEko kirol esatari gisa ere aritzen da, eta Espainiako selekzioaren partidak komentatu dituen lehen emakumea izan zen 2024ko Eurokopako jardunarekin.
Jokalariaren ustez, «emakumezkoen futbolaren bisibilizazioan oso atzera gaude eta zokoratuta izan dugu, baina emakume erreferenteak sortzen hasi gara; egunkarietan lekutxo bat lortu dugu, baita azaletan ere; selekzioaren partida guztiak telebista publikoan ematen dituzte; F ligako partida guztiak ere bai… Pixkanaka-pixkanaka eskaera sortzen ari da, eta horri erantzun beharko zaio». Futbolariak ‹Violencia sexual y el abuso de poder en el fútbol› mahai-inguruan parte hartuko du. Hala ere, azpimarratzen du lanean jarraitu behar dela, eta horrelako kongresuek «bisibilitatea eta bultzada ematen dutela».
Laura Gutiérrez FC Barcelonako eta Levante UD Femeninoko futbol profesionaleko jokalari ohiak kongresua aberastuko du Insuperabili erakundeko taldeen koordinatzaile gisa duen esperientziarekin, erakunde hori desgaitasuna duten pertsonak futbolean sartzen jarduten baita.
Bestalde, Goizane Álvarez Kiroletako diputatua ere pozik agertu da emakumezkoen futbolak azken hamarkadan lortu dituen lorpen eta aurrerapen guztiekin, baina «ezin dugu perspektiba galdu. Komunikabideek emakume kirolariak azaletan agertzea edo emakumeen partidak telebistan emateak, nahiz eta aurrerapen handia izan, erakusten du emakumeen kirola babestu behar dela oro har, eta futbola, bereziki, diskriminazioa desagerrarazi arte. Erakunde publikook gure gain hartu behar dugu bisibilizazio hori laguntzeko ardura».
Osasun mentala eta kirola
Boquete eta Gutiérrezek, beste hainbatekin batera, Gipuzkoa emakumezkoen futbolaren erdigunean jarriko dute azaroan. Izan ere, Osasun Mentalaren Munduko Egunarekin bat etorriz, kongresuak iragarri du kiroleko medikuntzako eta osasun mentaleko profesional entzutetsuak ere bertan izango direla, Inma Puig eta Eva Ferrer, besteak beste, eta fokua jarriko dutela oreka fisiko eta emozionalak profesionalen errendimenduan duen garrantzian.
Ikuspegi hori bera babesten du FUTPROren (emakumezkoen futbolean gehiengoa duen sindikatua) II. azterlanak ere, erakusten baitu elitean jokatzen duten emakume futbolarien % 80k depresioaren, estresaren edo antsietatearen sintomak izan dituela exijentzia mailagatik.
Eva Ferrer kirol medikuntzako aditua eta UEFAren emakumezkoen osasuneko aditu taldeko kide da, eta azpimarratzen du garrantzitsua dela emakumezkoen futbolean osasun mentala jorratzea: «Osasun mentalari espazioa eman behar zaio eta behar duenarentzako eskura egon behar du, emakumeek eroso sentitu behar dute gai hori jorratzeko, osasunaren inguruko beste edozein gairekin bezalaxe. Eta, batez ere, lehentasunez aztertu behar da nola lagun diezaiekegun sintomak izan dituzten emakumeei hain beharrezko duten babes egokia lortzen».
Ferrer doktoreak bere esperientziatik hitz egiten du, besteak beste, FC Barcelonaren emakumezkoen futboleko lehen taldeko mediku gisa eta emakumezkoen futbol akademiako mediku gisa jardun baitzen 2018-2022 denboraldietan.
FC Barcelonaren inguruan jardun da Inma Puig psikologo klinikoa ere, eta bera izan da kongresuan parte hartuko duela baieztatu duen beste izenetako bat.Aitzindaria izan zen futbolean laguntza psikologikoa sartzen, FC Barcelonako psikologiako arduraduna izan zen (2003-2018) eta gaur egun aholkulari eta nazioarteko hizlari gisa jarduten da goi errendimenduko taldeen kudeaketaren arloan. Emozioei eta giza harremanei buruzko hainbat libururen egilea da.
Bestalde, Isabel Abella abokatua eta genero berdintasunean eta kiroleko indarkeria matxistan espezializatutako aholkularia da, baita Europako Kontseiluaren kiroleko gorroto diskurtsoei aurre egiteko pooleko kide ere. «Egin ditugun esku-hartzeekin jorratu dugu baliabideak nola banatzen diren emakumezkoen eta gizonezkoen taldeen artean, partidak berdintasunez ematea eta hizkera ez sexista erabiltzea edo neska talde bat deseroso sentitu izana aurkako taldearen entrenatzailea oihuka eta maltzurkeriaz jardun izanagatik. Egoerak askotarikoak izan dira, eta eboluzionatu egin dute urteen poderioz. Argi dudana da zenbat eta sentsibilizazioko, prestakuntzako, abordajeko eta zigortzeko ekintza gehiago egin are gutxiago normalizatzen dela indarkeria eta errespetu eta berdintasun gehiago izaten dela», adierazi du amaitzeko.

Fuente: Gipuzkoako Foru Aldundia