Basque Team Fundazioak, Getxoko Olatua Itsas Estazioan egindako ekitaldian, euskal kirol-elitea bildu du, 2023ko kirol-lorpen nabarmenenak goraipatu eta saritzeko.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua izan da ekitaldiaren buru, eta ondoan izan ditu Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria, Amaia Agirre Getxoko alkatea, Joseba Urkiola EiTB Mediako kirol zuzendaria eta Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzailea, bai eta euskal federazioetako, enpresa munduko eta erakundeetako ordezkariak ere.

Amaia Agirre, Getxoko alkateak eman die ongietorria bertaratutakoei, eta jarraian hasi da sari-banaketa. Ekitaldian, kirolariek beren gertuko senide, profesional eta lagunengandik jaso dute saria. Goi-mailako kirol-ibilbidean kirolariei isilean laguntzen dietenen lana ikusarazi nahi izan da eta horrek topaketari hurbiltasun eta hunkigarritasun handia eman dio.

Sarien lehen blokea, Basque Teamek eta euskal federazioek sustatutako goi mailako proiektuetan parte hartzen duten kirolarien emaitzei bideratuta egon da. Proiektu hauek parte hartze olinpikoa dute helburu nagusi abian den zikloan edo, salbuespen gisa, hurrengo ziklo olinpikoan.
Saritutako kirolariak honakoak izan dira:

JOSEBA TORRES. Golfa. Europako txapelduna taldeka.
AGER SOLABARRIETA: Tiro egokitua, karabina. Munduko txapeldun bikoitza 10 metro zutikako proban eta 10 metro etzandakoan, Liman; Zilarra 10 metro etzandako proban eta brontzea 10 metro zutikakoan, Europako txapelketan, Rotterdamen.
ANDER CEPAS: Mahai-tenis egokitua. Brontzea bikoteka Sheffieldeko Europako txapelketan.
Ekitaldiak bigarren sari-multzo batekin jarraitu du, eta bertan 2023ko Basque Teameko kirolari onenen lana aitortu da:
AMAGOIA ARRIETA: Boccia. Europako txapelduna Rotterdamen.
IKER SASTRE: Mahai-tenis egokitua. Zilarra bikoteka Sheffieldeko Europako txapelketan.
RAKEL MATEO: Paratriatloia. Brontzea Europako txapelketan, Madrilen.
EUKENE LARRARTE: Pistako txirrindularitza. Zilarra scratchean Grencheneko Europako txapelketan.
AGURTZANE EGILUZ, NAIARA RODRIGUEZ eta LAURA UGARTE: Gurpildun aulkiko saskibaloia. Brontzea Europako txapelketan Roterdammen.
AMAIA ERBINA eta ANNE FERNANDEZ DE CORRES: Zazpiko errugbia. Zilarra Europako txapelketan.
ARATZ DE GOICOECHEA: Zazpiko errugbia. Brontzea Europako txapelketan.
AITOR FRANCESENA: Surf egokitua. Urrea Europako txapelketan; txapeldun Munduko bi zirkuitu pribatuetan.
IÑIGO PEÑA: Sprint piraguismoa. Urrea Munduko txapelketako K2-1.000 metroko proban eta brontzea K2-500 metro mistokoan, Duisburgon.
MAIALEN CHOURRAUT eta OLATZ ARREGUI: Eslalom piraguismoa. Zilarra Munduko txapelketako taldekako proban, kayaketan, Lee Valleyn.
PAU ECHANIZ: Eslalom piraguismoa. Urrea Europako Jokoetako taldekako proban, kayaketan, Krakovian.
LUCAS EGUIBAR: Snowboarda. Bigarren Munduko Kopako sailkapen nagusian.
MIKEL UNANUE, OIHANE OTAEGI eta SERGIO VEZ: Curlinga. Zilarra talde mistoetako Munduko txapelketan, Aberdeenen.
Fundazioak ez ditu bistatik galdu nahi datozen helburuak.

2024an Pariseko Joko Olinpikoak eta Paralinpikoak ospatuko dira eta hau izango da urteko erronka nagusietako bat. Basque Teamen interes orokorreko xedea, goi mailako euskal kirol ez profesionala sustatzea da. Bere helburua euskal kirolarien parte-hartzea handitzea eta nazioarteko goi mailako lehiaketetan emaitza hobeak lortzea da, eta gaurko ekitaldian Jokoetarako plaza lortu dutenak saritu ditu.
SALMA SOLAUN: Gimnasia erritmikoa. Brontzea Europako txapelketan, Bakun; zilarra eta brontzea Valentziako Munduko txapelketan.
HIGINIO RIVERO: Sprint piraguismo egokitua. Brontzea VL2-200 metroko proban Europako txapelketan, Montemor-O-Velhon.
NAHIA ZUDAIRE: Igeriketa egokitua. Zilarra Munduko txapelketako estilo libreko 400 metroko proban eta brontzea bular erako 100 metrokoan, Manchesterren.
IÑIGO LLOPIS: Igeriketa egokitua. Urrea Munduko txapelketako bizkar erako 100 metroko proban eta urrea estiloetako 4×100 metrokoan, Manchesterren.
ASIER GARCIA: Gurpildun aulkiko saskibaloia. Zilarra Europako txapelketan, Rotterdamen.
Aitorpenen azken blokea agurrei eskainitakoa izan da. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, euskal kirol olinpikoaren estandartea den Ander Elosegiri eman dio Eguzkilore Zuria saria. Ibilbide luze eta emankorrean, lau Olinpiar Jokotan finalerako sailkatzea lortu zuen Anderrek, horietako bakoitzean diploma bat bereganatu zuelarik: laugarren izan zen Beijingen 2008an, laugarren Londresen 2012an, zortzigarren Rio de Janeiron 2016an eta zortzigarren Tokion 2021ean.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren hitzek eman diote itxiera ekitaldiari. “Basque Team jarduera eredugarria garatzen ari da, balioetan oinarritua eta Euskadi-Basque Country Nazioartekotze Estrategiarekin lerrokatua. Zuek kirolaren balio benetakoenen erreferente bikainak zaretelako abiatzen da lan hori, eta Euskadiren irudia Mundura proiektatzen laguntzen duzue. Izan ere, Euskadik erreferente izan nahi du goi-mailako kirolaren sustapenean” nabarmendu du Zupiriak, eta datozen urteak orain arte bezain emankorrak izan daitezen goi mailako euskal kirolean “Basque Teamek bide horretan laguntzen jarraituko du, zuen helburuak lortzen lagunduko dizueten kalitatezko zerbitzu integralak eskainiz” azpimarratu du.