Hautagaitzak jasotzeko epea irekita dago, eta otsailaren 2an amaituko da. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren bidez aurkeztu beharko dira. Proposatutako hautagaitzarekin batera, bidali beharko dira eskatutako abalak eta kontuan hartu beharreko merezimenduak. Eskaerak elektronikoki aurkeztu beharko dira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan (https://egoitza.gipuzkoa.eus), erregistro elektronikoaren bidez.

Hautagaitzak aurkezteko epea amaitutakoan, epaimahaiak banan-banan aztertuko ditu guztiak, ikusteko baldintzak betetzen dituzten eta baloratzeko proposatutako pertsona edo erakundearen merezimenduak. Epaimahaiak aurkeztutako hautagaitzak ebaluatuko ditu, eta proposatuko ditu lortu nahi diren helburuetarako pertsonen edo erakundeen kalitateagatik eta ibilbideagatik egokitzat jotzen dituenak. Gaia eztabaidatu ondoren, epaimahaiak saria emateko proposamena egingo du eta irabazlearen berri emango. Saria martxoaren 8an emango du Aldundiak, Kiroletxean egingo den ekitaldi batean.

Kiroletako diputatu Goizane Álvarezek hautagaitzak aurkeztera animatu ditu «aldaketa nabarmenak bultzatuta eta berdintasuna sustatuta kirolean bidea urratu duten pertsonak edo erakundeak miresten dituztenak». Sari honek ohore egiten die Carmen Adarraga bezalako emakume aipagarriei; izan ere Carmenek legatu ezabaezina utzi zuen Espainiako saskibaloi selekzioko kapitain eta hainbat kiroletan aitzindari izanda».

Carmen Adarraga Sariaren helburua da saritzea eta publikoki aitortzea kirolean bideak irekiz eta berdintasunaren aldeko aldaketa eta eraldaketa sozialak eraginez beren jarrera edo ibilbidearengatik nabarmentzen diren pertsona fisiko edo juridiko publiko edo pribatuen jarduna. “Sariaren bidez, emakume horiek nabarmendu nahi dira, zeinak mugarri baitira kirolaren munduan nesken eta emakumeen beste belaunaldi batzuei bidea irekitzeko. Pertsonak horiek zeinak, kirolaren bidez, emakume belaunaldi berriei eusten baitiete eta inspiratzen baitituzte, hartara gizarte bidezkoago, orekatuago eta askeago bat eraikitzeko. 2016an sortu zen saria, ikusgarritasuna emateko ikusezinak diren lorpenei; historiaren ibilbidea aldatzen duten eta emakumeak protagonista dituzten lorpen horiei” azaldu du Álvarezek.

Emakume hauek jaso dute Carmen Adarraga saria: Garbiñe Etxeberria Aranburu –azken saritua–, Coro Fuentes, Mari Ayestarán, Raketistak, Nieves Alza, Arantza del Puerto, Carmen Diez Mintegui eta Azu Muguruza. Horiek guztiak mugimendu baten, bizi-estilo baten eta historiaren norabide aldaketa baten buru diren emakumeak dira.

Carmen Adarraga (Hernani, 1921-2004) Espainiako saskibaloi selekzioko kapitaina eta hiru aldiz Espainiako txapelduna izan zen, Gipuzkoan kirol horretako gizonezkoen talde bat izan aurretik lehiatzen zen talde batekin. Baina ez zen saskibaloira mugatu haren jarduna; eskubaloian estatuko txapeldunordea izan zen, eta belar hockeyko jokalari bikaina ere bai. Bidaiak hala moduz egin behar izaten zituen, kirola egiten zuten emakumeek jazarpena pairatzen zuten garai hartan, baina hori ez zen oztopo izan Donostiako Sección Femeninako kapitaina zela Espainiako hiru titulu irabazteko eta beste behin txapeldunorde gelditzeko 1939 eta 1942 bitartean. Horrez gain, Espainiako saskibaloi selekzioko lehenengo kapitaina izan zen.